Larragaingo abaritza ez galtzeko 300 kimu landatu dituzte Bedoñan

Xabi Gorostidi 2020ko ots. 24a, 16:26

Ezkurrak ematen dituen zuhaitza da abaritza, eta Gipuzkoan, orain arte, Udalatx magalean aurkitu izan dute. Espeziea ez galtzeko, Udalatxen hartutako ezkur batzuk eraman zituzten Urnietako Arizmendi mintegira, eta handik atera dituzte aipatutako 300 kimuak. Bedoñan landatu dituzte, udal jabetzakoa den Uringain eremuan; Sologaizto baserri alboan dago eta 1.700 metro koadro ditu. 

Duela lau urte eraman zituzten ezkurrak Aldundiaren jabetzakoan den Arizmendi mintegira, eta orain landatzeko unea iritsi da. "Ez dakigu nola moldatuko diren kimuak lursail berri honetara, baina uste dugu ondo egokituko direla. Bertako espezie bat da, bioaniztasuna ahalbidetuko duena , eta oso pozik gaude esku-hartze honekin" azaldu du Maria Ubarretxena alkateak. 

Udaleko ingurumen teknikari Pello Garaik, abaritzak berezko dituen propietate batzuk zerrendatu ditu. "Gero eta gutxiago erabiltzen ditugu baliabide naturalak osasunarekin lotutako gaitzak sendatzeko. Zentzu horretan abaritzak erabilpen bat baino gehiago eskaintzen ditu. Adibidez, beherakoa geratzeko erabili izan da betidanik. Abaritzaren azalak taninoak ditu, eta horrek ahalbidetzen du beherakoa gelditzea. Gipuzkoan Udalatx inguruan dago soilik zuhaitz hau, eta erabilera hori ia desagertuta dago. Baina Araban eta Nafarroan ugaria da zuhaitz honen presentzia, eta medikuntza naturalerako erabiltzen jarraitzen dute". Narrua ontzeko eta gorri biziko tindagaiak egiteko ere erabiltzen da abaritza. 

Aipatutako Bedoñako Uringain eremuan makil ilara bat jarri dute, abaritzarekin egindako heskai bat lortzeko. Lehen lursailak heskaiekin –seto– banantzen ziren, eta zuhaitz mota honekin heskaiak egin daitezkeen ikusi nahi dute. "Aplikazio posible izan daiteke abaritzarekin egindako heskaiak Arrasate erdiguneko parkeetan erabiltzea, barandak erabili beharrean" azaldu du Garaik. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak