Abenduan estreinatu zuten antzezlana, aurreko asteburuan Bergarako seminarioan izan ziren eta domeka honetan, iluntzeko zazpi erdietan, Amaia Udal Antzokian izango dira. Eskarmentu handiko bost aktore egongo dira oholtza gainean: Mikel Laskurain, Ane Gabarain, Asier Sota, Alazne Gutierrez eta Jose Kruz Gurrutxaga.
Begoña Bilbao da zuzendaria eta autore frantses batek idatzitako istorioa kontatzen dute. El nombre pelikulako bertsio bat da eta izena asmatzeak dakarren gatazka islatzen du. Honela dio Mikel Laskurain aktore bergararrak: "Familia bateko afari batean kokatzen da istorioa. Antzerkian, nire koinatua eta haurdun dagoen emaztea etxera datoz afaltzera eta umearen izena galdetzerakoan eta horren inguruan hitz egiten hasterakoan hasten da gatazka". Etxe askotan egoten diren haserreak eta egunerokoak ekarriko dituzte oholtza gainera eta bost aktoreen lana nagusituko da antzezlanean; taula gainean etxeko sala egongo da, sofa bat, mahai bat, atea eta testua. Mugimendu aldetik ez da gauza berezirik egongo.
Umorea, protagonista
Txalo antzerki taldearen ezaugarri nagusietakoa umorezko antzezlanak egiten dituztela da; ez denetan, baina bai gehienetan. Antzerki hau ere barre egitekoa da: "Ondo pasatzeko eta barre egiteko antzezlana da Ene ba! Eskaini ditugun emanaldietan jendea irribarrearekin irten da antzerkitik". Antzezlana helduei zuzenduta dago eta barre egiteko eta euskaraz disfrutatzeko aukera egongo da. Abenduan estreinatu zuten eta harrera ona izan du ikuskizunak: "Jendeari asko gustatu zaio gure lana, pozik gaude jasotako iritziekin".
Eskarmentu handiko bost aktoreak domekan, otsailaren 23an, iluntzeko zazpi eta erdietan Amaia Udal Antzokiko taula gainean izango dira Ene ba! umorezko lana eskaintzen. Sarrerak hamar eurotan egongo dira salgai www.arrasate.eus atarian eta leihatilan.