83 urterekin, gazte asko baino sasoi hobearekin

Xabi Gorostidi 2020ko ots. 20a, 17:22

Amadeo Ezpeleta fin-fin dabil mendian. Iaz, 40 kilometroko eta 2.000 metroko desnibel positiboko hamaika mendi-proba egin zituen, eta, berriki, Euskal Mendi Federazioak aitortza egin dio. "Pozez beterik" jaso du eta "mendian jarraitzeko gogoz" dago.

Kirol munduan izar distiratsu asko dago, baina, era berean, isiltasunean eta foku mediatikoetatik kanpo, maila eta meritu itzela duten kirolariak ere badaude. Eta horietako bat da, ezbairik gabe, Amadeo Ezpeleta mendizale arrasatearra.

83 urte beteko ditu martxoan eta une honetan duen sasoi puntua goraipatzeko modukoa da. Iaz, adibidez, makina bat mendi probatan hartu zuen parte, eta ez nolanahiko probak, gainera. Euskal Mendizale Federazioak antolatzen dituen Iraupen Luzeko Ibilaldietan aritu da Ezpeleta: 40-48 kilometro arteko lasterketak izaten dira, mendirik mendi egiten direnak, 2.000 metroko desnibel positiboarekin. Era horretako 20 proba antolatzen dituzte denboraldiro, eta iaz, Ezpeletak hamaika egin zituen; proben erdia baino gehiago. "Zortzi-bederatzi ordu inguru tardatzen dugu probak egiteko, gutxi gorabehera; batzuk azkarrago joaten dira, baina guk gure erritmora egiten ditugu".

Sekreturik ez

Zortzi hamarkadak beteta, halako hankak eta halako gorputzaldia edukitzeko sekreturik duen galdetuta, hona Ezpeletaren erantzuna: "Ez dut ezer berezirik egiten.

Amadeo Ezpeleta: "Arazo gutxi ematen dituen auto zahar moduko bat naiz ni"

Astean bizpahiru aldiz entrenatzeko ohitura dut. Eguraldi ona dagoenean irteten naiz, eta 28-30 kilometroko bueltak egiten ditut, bospasei ordukoak. Kurtzebarri aldera joaten naiz sarri, Degurixa inguruko parajeak asko gustatzen zaizkit eta". Lesio aldetik ere zorte ona duela dio: "Ez dut gorputzeko arazo askorik edukitzen. Batzuek edukitzen dute guneren bat edo beste bereziki kaltetuta: orkatilak, belaunak... baina ez da nire kasua. Arazo gutxi ematen dituen auto zahar moduko bat naiz ni". Jana eta edaria zaintzearena gero eta muturrerago eramaten dituzte gaur egungo kirolariek, baina hori ez da Ezpeletaren kasua: denetarik jaten dut, eta astean pare bat aldiz irteten naiz lagunekin txikiteoan; hori bai, bi edo hiru txikito edaten ditut, gehiago ez".

Berandu hasitako kirolaria

40 urte izan eta 80 urte bete orduko Amadeo Ezpeleta bezala egon nahi duena oraindik garaiz dabil: "Nahiko berandu hasi nintzen ni kirola egiten, 40 urterekin edo. Gazte ezkondu nintzen, eta semeak hazita eduki arte ez nuen kirola egiteko denborarik izaten".

'Shebe Peña' saria, jaso berri

Euskal Mendizale Federazioak urtero ematen dio sari hori Ibilbide Luzeko probak egiten dituen norbaiti, eta aurten, Ezpeleta saritu dute. Amurrion pasa den barikuan egindako ekitaldian jaso zuen aitortza: "Oso polita izan zen, eta jarraitzeko indarra ematen dit".

Ezpeleta, Euskal Mendizale Federazioaren saria jasotzen. (Argazkia: Ekaitz Anda, EMF)

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak