Juan Arzamendi Musika Eskolako obrak geldi daudela-eta galdera luzatu dio Elkarrekin Arrasatek Udal Gobernuari

Xabi Gorostidi 2020ko ots. 14a, 14:44

Otsaileko osoko bilkura egin zuten atzo, eta galde-eskeetan jarri zuen gaia mahai gainean Igor Urizar Elkarrekin Arrasateko zinegotziak. Lanak zergatik dauden geldi galdetu zion Gobernuari, baina EAJko bozeramaileak ez zuen momentuan erantzun nahi izan. Beste gai batzuk ere jorratu ziren galde-eskeetan, hala nola, Memoriaren Plazaren karparen ordainketa, Elorregiko komunak edo Zaldibarko zabortegia.

Abendutik bilkurarik egin gabe egon ostean, atzo egin zuten 2020ko lehen osoko bilkura Arrasaten. Eguneko gai zerrendako gaiek eztabaida txikiak eragin zituzten –handiena, akaso, 2020ko ordainsariekin izan zen– eta, besteak beste, EH Bilduko zinegotzi batek karguari uko egitea onartu zuten; Larraitz Trojaola da kargua utzi duena, eta haren eserlekua Gaizka Erañak hartuko du. 

Juan Arzamendi Musika Eskolako lanak geldituta

Eguneko gaiak 20 minutuan landu ostean, galde-eskeen tartean bizi izan ziren eguneko gairik mamitsuenak. Horietako bat Elkarrekin Arrasatek jarri zuen mahai gainean. Igor Urizar zinegotziak hitza hartu zuen, Juan Arzamendi Musika Etxeko –lehengo Aprendices– obrak une honetan geldi daudela esateko. Gobernuari galdetu zion obrak zergatik dauden geldi, eta EAJko bozeramaile Anuska Ezkurrak ez zuen momentuan erantzun nahi izan; "batzordean erantzungo dizugu" esan zion. 

Aprendizen eraikina, lanak hasi aurretik. 

Igor Urizarrek gogoratu zuen, Musika Eskolaren lanak lizitazio prezioa baino 2.000.000 merkeago esleitu zirela. Lizitazioa 7.500.000 eurotan egin zen, eta Lurgoien S.A. enpresari esleitu zitzaizkion 5.550.012 euroren truke. Gaineratu zuen, ere lanak "2019ko abendurako" amaitzea aurreikusten zela. Azkenik Gobernuari aurpegiratu zion lanak geldi zeudela jakinda, herritarrei ezer ez esan izana. 

Behin bilkura bukatuta, Gobernuko kide Oscar Garcia sozialistak onartu egin zuen GOIENAko mikrofonoan lanak geldi daudela, eta etorkizunean eraikineko erabiltzaile izango direnekin –Arrasate Musikal eta Goikobalu– batzartu direla. "Diskrezioz gabiltza gaia lantzen, zarata mediatikoak ez duelako laguntzen" adierazi zuen. 

GOIENA kontaktuan jarri da Lurgoien enpresarekin obrak zergatik dauden geldi galdetzeko, baina enpresatik adierazi dute ez dutela gaiari buruz ezer esan behar. 

Memoriaren Plazako karparen ordainketa

Gogora Institutuaren Memoriaren Plaza ekimena 2016an heldu zen Arrasatera, eta erakusketarekin lotutako ordainketa bati buruzko galdera konkretuak egin zituen atzokoan Elkarrekin Arrasateko Igor Urizarrek. 

Gogora Institutuak eta Udalak adostu zuten, erakusketako karparen kostua Arrasateko Udalak ordaintzea. 18.755 euroko ordainketa izan zen –BEZ gabe 15.500 euro– eta Estali La Karpa enpresari egin zitzaion. Orduko legediarekin, BEZ gabe 18.000 euro azpiko ordainketak lehiaketa publikorik gabe egin zitezkeen, eta kasu horretan ez zen lehiaketa publikorik egin, eta a dedo eman zitzaion aipatutako enpresari.

[Gaiarekin lotuta GOIENAk artikulu hau argitaratu zuen urtarrilaren 15ean]

ElDiario.es agerkariak aste honetan argitaratu duenez, Arrasateko karparekin lotutako bigarren faktura bat ordaindu zuen Gogora Institutuak. 3.509 euroko faktura bat da –ez du zehazten BEZ barne den edo ez–, karpako kontrapisuekin lotutakoa. Artikulu horren arabera, bi faktura horiek batuz gero, karparen kostuak 18.000 euroko muga gaindituko luke, eta Udala edo Gogora hura esleitzeko lehiaketa publiko bat egitera behartuta egongo lirateke. Aipatutako agerkari horrek gehitzen du, Estali La Karpa enpresak une horretan ez zuen langilerik erregistratuta eta Langreana de Karpas S.L. enpresa astuariarra azpikontratatu zuen Arrasateko karpa jartzeko. 

Memoriaren Plazako karpa barruan egindako ekitaldi nagusia. 

Guzti hori kontuan izanik Elkarrekin Arrasateko Igor Urizarrek hiru galdera zehatz egin zizkion Udal Gobernuari: "Nork aukeratu zuen Estali La Karpa? Udalak? Edo Gogorak esan zion Udalari Estali La Karpa aukeratzeko?". "Zergatik egin ziren bi kontratu Arrasateko karparekin?" eta "Estali La Karpak Langreana de Karpas enpresa azpikontratatu al zuen Arrasateko karparako?".

EAJko bozeramaile Anuska Ezkurrak ez zituen galderak zuzenean erantzun, Urizar birritan ahalegindu zen arren. Aipatu zuen herriko talde politiko guztiek osatzen zuten Bizikidetza Mahaian hartu zela erakusketa Arrasatera ekartzearen erabakia, eta oso aberasgarria izan zela –Sandra Carrascok eta Olatz Etxabek egindako saioa aipatu zuen–. Gaineratu zuen ere, udal webguneko Gardentasun Atarian ikusgai daudela Arrasatek Udalaren ordainketa guztiak, eta legea jarraituz egin zuela Udalak karparen ordainketa. Kontu honen gainean, dena den, Arrasateko Udalak prentsa ohar bidez adierazi zuen otsailaren 10ean, gaia hedabideetan agertu ostean, "2016ko Memoriaren Plaza ekimenaren kontratazioa legeari erabat lotuta eta aldeko nahitaezko txosten tekniko guztiak izanda" egin zela.

EH Bilduko Maider Morrasek esan zuen bi gauza ezberdin direla, erakusketa Arrasaten jartzea erabakitzea, eta erakusketako karparen ordainketa. "Gobernuak dio gardentasunez jokatu dela, baina ez da hala. Ordainketaren erabakia alkateak hartu zuen, eta ez dakigu ez noiz, ez nola egin zuen. Gardentasuna balego, guk hasieratik jakingo genuke Estali La Karpa EAJko titulartasuna duen enpresa bat zela, langilerik erregistratuta ez zuena, beste hainbat herritan enpresa berari egin zitzaizkiola ordainketak... gardentasun hori balego, aspalditik salatuko genukeen". 

Elorregiko komuna

Udal Gobernuak atzo aurkeztu zuen Elorregin komuna jartzeko duen asmoa. EH Bilduko Maider Morrasek "Gobernuaren irudiaren gestioa" kritikatu zuen, nagusiki, "Oñatiko Udalak aurrez landutako gai bat, eurena balitz bezala" aurkeztu zutela iritzita. "Oñatiko Udala duela bost urte ari da hor komun bat jarri guran, eta azken bi urteetan aurrekontuetan partidak jarri dituzte horretarako. Elkarlana nahi dutela diote, baina Bergarako alkateak, adibidez,  gaur bertan jaso du euren gutuna; Anuska Ezkurra eta Maria Ubarretxena prentsan agertu diren egun berean, alegia. EH Bildutik ados gaude komuna jartzearekin, noski, baina ez dugu bat egiten beste batzuen proiektua prentsan, era ponposoan, eurena bezala aurkeztearekin". 

Kritikei erantzuten zera adierazi zuen Maria Ubarretxenak GOIENAko mikrofonoetan: "Komunarena ekimen positibo bat izanda, hainbeste herritarren babesa jaso duena, beste herri batzuekin elkarlanean egin nahi duguna... ez dugu ulertzen nola batzuek trabak ikusten dizkioten gai honi. Gu pozik gaude, eta nahi duguna da beste alderdi batzuek ikustea zein garrantzitsua den bertan komun bat jartzea".

Interbentzioetan gai honi buruz interpelatu zion EH Bilduko Kepa Urteagak Oscar Garciari. OZMA batzordean horri buruz galdetuta, adierazi zuen, Garciak erantzun ziola komuna jartzea ez zegokiola Udalari. Garciak erantzun zion esanez, lehenik eta behin bere iritzi pertsonala eman ziola gaiari buruz. Ostean, baieztatu zuen, bere ustez, Foru aldundiari dagokiola bertan komuna jartzea, autobusen eta bidegorrien kudeaketa eurena delako. "Foru Aldundiarekin batzartu izan gara aurretik, eta esan ziguten agian eurek ordaindu zezaketela zati bat, eta planteamendu zehatz bat egitea eskatu ziguten. Bere egunean Udaletik ez genuen begi onez ikusi Aldundiak planteatu ziguna. Orain, ordea,  herritarren partez etorri zaigu eskaria, eta horretarako badaukagu diru partida bat, aurrekontu parte hartzaileen baitan. EH Bilduk esan du Oñatik baduela diru partida bat, baina hau hiru herrien artean egin beharrekoa zerbait da, eta agian, eurek agintea duten Mankomunitatetik bideratu daiteke". 

Fernando Axperen kasua

Iturriotz kaleko 9. atarian bizi den herritar honek hitza hartu zuen atzokoan, bi gairi buruz alkateari galderak egiteko: Udalaren izenean bankutik kendu dizkioten 1.300 euroei buruz, eta 2006 urteko lan batzuek bere etxean izan zuten eraginari buruz. Lehen gaiari buruz bost aldiz eskatu zion alkateari erantzuteko, baina Ubarretxenak behin eta berriz esan zion, galdera horiek berarekin izandako bilera pertsonal batean erantzun zituztela. 

Enpresa Batzordeko hiru kide, eta Fernando Axpe. 

Bigarren gaiari buruz, esan zuen, higiezinen agentzia batek egindako lan batzuen ondorioz bere etxea kaltetua izan zela. Epaitegietan salatu zuen gaia, eta irabazi egin zuen. Duela hamalau urteko kontu horri buruzko azalpenak eskatu zizkion alkateari, baina Ubarretxenak harekin edukitako bilerari egin zion erreferentzia berriz ere.

Axperen ostean Udaleko Enpresa Batzordeko langileek hartu zuten hitza, bigarrenez jarraian –abenduko osoko bilkuran ere hartu zuten hitza–. Euren lan baldintzak Udalarekin zuzenean negoziatzeko nahia azaldu zuten beste behin, Espainiako legedien edo Eudelen markoak baztertuz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak