Juan Arzamendi Musika Eskolaren lanak esleituta, pleguetako prezioan baino %26 merkeago

Xabi Gorostidi 2018ko urt. 16a, 20:48

Urtarrileko osoko bilkuran onartu da birgaitze lanak Lurgoien S.A. enpresari esleitzea, 5.550.012 euroren truke (BEZ barne). Uztailaren 28an egindako ezohiko osoko bilkuran 7.500.000 euroko prezioa onartu zen kontratazio prozedurarako. Legealdi honetan 4.044.000 euro aurreztu dituztela jakinarazi dute Udal gobernutik, beraz, %73a ordainduta legoke jada.

Azkenaldiko osoko bilkurarik laburrena izan da urtarrilekoa. Abenduko osoko bilkurako aktari zuzenketa pare bat egin ostean, Biteri eta Laubide aparkalekuen tarifak zehaztu dituzte 2018rako. Tarifak ikusteko egin klik hemen.

Eztabaida aparkalekuen tarifekin

Irabaziko Juan Luis Merinok prezio altuegiak direla esan du, eta Arrasateko udalbatzak horiek aldatu beharko lituzkeela esan du. "Bi parking horietan guztira ia 600 aparkaleku daude, eta horietatik 244 kontzesio administratiboan. Libre dauden horiek beharra dutenentzat erabili beharko lirateke, eta horretarako prezio merkeagoak behar dira".

Anuska Ezkurrak erantzun dio, esanez, Arrasateko Udalak asko jota KPIaren igoera ezarri edo ez erabaki dezakeela, baina ezin dituela prezioak bere kabuz ezarri. "2003an Murias enpresarekin 50 urterako kontratua sinatu zuen Arrasateko Udalak, eta bertan jasotzen denez prezio politika Muriasen eskumena da. Gustatuko litzaiguke prezioak jaistea, baina eskuak lotuta ditugu 2003ko kontratuarekin".

Eneko Barberenak esan du, 2003ko kontratu hori bere testuinguruan kokatu behar dela. "Udalak beste inbertsio garrantzitsuago batzuk zituen orduan, eta horrek behartu zuen 50 urterako kontratu bat sinatzera".

Azkenik, Maria Ubarretxenak "gai honekin demagogiarik ez egiteko" eskatu dio Juan Luis Merinori. Arrasateko Udalak prezioa jaistea onartuz gero, kontratuan hitzartutakoa haustuko lukeela esan du, eta horrek kalte ordainetan 9.000.000 euroko kostua izango lukeela ere azaldu du.

Botatzeko orduan EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk alde botatu dute, Baleikek abstentziora jo du eta Irabazik, aldiz, aurkako botoa eman du.

Juan Arzamendi

Arrasate Musikalen eta Goikobaluren egoitza berria izango denaren birgaitze lanek osoko bilkuraren oniritzia behar zuten aurrera egiteko, eta lortu dute. Uztailaren 28an egindako ezohiko osoko bilkuran, kontratazio prozedura onartuta geratu zen, eta bertan 7.500.000ko prezioa (BEZ barne) zehazten zen pleguetan.

Hamar enpresa aurkeztu dira lehiaketa publikora. Abenduaren 20an elkartu zen kontratazio mahaia, eta bertan Lurgoien enpresa izan zen irabazlea, 5.550.012 euroko aurrekontuarekin. Beraz, pleguetan ezarritako prezioan baino ia 2.000.000 euro azpitik esleitu dira lanak, %26 merkeago. Lurgoien S.A. Balzola taldeko enpresa bat da, eta beste hainbat lanen artean, Bilboko Guggenheim museoa, edo BECen eraikuntzan parte hartu dute.

Jarraian, Juan Arzamendi Musika Eskolaren lanak finantzatzeko Udalak dueb egoera finantzieroan jarri du fokua Anuska Ezkurrak. Azaldutakoaren arabera, legealdi honetan jada 4.044.000 euro aurreratu ditu Udal gobernuak obra honi ekin ahal izateko, beraz, momentu honetan, kostu totalaren %73a aurreztuta egongo litzateke.

Ibon Arrupe Hirigintza, Ingurumen eta Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez, lanak martxoan hasiko dira, eta 20 hilabeteko epea izango du Lurgoien S.A. enpresak horiek egiteko. "Dena ondobidean, 2019ko Gabonetarako, edo 2020 hasierarako, erabilgarri egongo da Musika Etxea".

EAJK, PSE-EEk eta EH Bilduk alde botatu dute, eta Baleikek eta Irabazik abstentziora jo dute.

Palestinari buruzko mozioa

Eguneko zortzigarren puntuan, oposizioko hiru alderdiek estatu palestinarra aitortzeko aurkeztu duten mozioa landu dute. AEBek Jerusalem Israelgo hiriburu bezala kontsideratzea, edo Ahed Tamimi 16 urteko aktibistaren egoera salatu dituzte, eta sei neurri konkretu eskatu dituzte gaiarekin lotuta. Tartean, Kulturaten palestinar bandera bat jartzea.

Alderdi guztien babesarekin onartu da mozioa, nahiz eta PSE-EEko Oscar Garciak bere desadostasuna azaldu duen eskatzen ziren lehen hiru neurriekin. Mozioa bere osotasunean irakurtzeko, egin klik hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak