EAEn egindako Memoriaren Plazaren ordainketak, susmopean

Xabi Gorostidi 2020ko urt. 15a, 16:23
Memoriaren Plazako karparen ikuspegi bat barrutik.

Gogora Institutuak Euskal Herriko 21 tokitan egin zuen Memoriaren Plaza erakusketa, eta horiekin lotutako kontratazioak aztertzen ari da Jaurlaritza.  Aipatutakoen artean dago 2016an Udalak Estali La Karpa enpresari egindako 18.755 euroko ordainketa –BEZ gabe 15.500 euro–, baina Udal iturriek azaldu dute ez zela lehiaketa publikorik egin, ordainketa 18.000tik eurotik azpikoa zelako. 

 2016ko urrian Arrasateko Udalak egindako ordainketa horri buruz galdetuta zera erantzun dute Udal iturriek: "Alderdi guztiek osatzen genuen Memoriaren eta Bizikidetzaren Mahaian erabaki genuen Memoriaren Plaza Arrasatera ekartzearena, Gogora Institutuaren proposamena interesgarria iruditu zitzaigun eta. Baiezkoa eman genion Gogorari, eta, ostean, jakinarazi ziguten karparen gastua guk ordaindu beharko genuela. BEZ gabe 15.500 euroko gastua zenez, ez zen lehiaketa publikorik deitu, legearen arabera kontratu txikia zelako". Arrasateko erakusketaren gainontzeko gastuak nork ordaindu zituen galdetuta, Udala zegokion ordainketa egitera mugatu zela adierazi dute. 

2016ko legediarekin, Udalak eta erakunde publikoak behartuta zeuden 18.000 eurotik gorako kontratuak –BEZ gabe– lehiaketa publiko bidez esleitzera, baina hortik beherakoetan, ordea, ez. 2017an indarrean jarri zen Sektore Publikoko Kontratazioen Legearekin, muga hori 15.000 eurotan ezarri zen.

El Diario.es agerkariak artikulu bat kaleratu du Gogora Institutuak antolatu dituen Memoriaren Plaza erakusketen finantziazioari buruz, eta, horren harira, Eusko Jaurlaritzak legezkotasun txosten bat eskatu du, kontratuak legedia jarraituz egin diren ikertzeko.

Artikulu horren arabera, 21 herritan egon den erakusketa ibiltari horrekin lotutako kontratazioetan Montai taldea izeneko enpresari 28 kontratu esleitu zaizkio, horietako 23 lehiaketa publikorik egin gabe. 23 horien artean dago, besteak beste, 2016ko urrian Arrasateko Herriko Plazan izandako Memoriaren Plaza ordaintzeko Arrasateko Udalak egindako ordainketa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak