'Hansel eta Gretel' ipuina, oholtza gainean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko ots. 7a, 12:50

Borobil antzerki taldeak Hansel eta Gretel ipuinaren bertsio berri bat eroango du Amaia antzokira bihar, zapatua, 17:00etan. Asier Oruesagasti, Libe Aranburu eta Kepa Errasti aretxabaletarra izango dira oholtza gainean pertsonaia desberdinak antzezten. Arrasate Irratiko Igo Autobusera! saiora gonbidatu dute Aretxabaletako aktorea. (Argazkia: Iñaki Aranburu).

Abenduan estreinatu zuten Hansel eta Gretel antzezlana, eta, geroztik, hain ezaguna den ipuin honen bertsio berritua antzezten dabiltza herriz herri. Anartz Zuazua da antzezlanaren zuzendaria eta aktoreen lana da antzezlanaren oinarria; hauxe dio Kepa Errasti aretxabaletarrak: "Hiru aktore gara espazio huts batean, ez daukagu inolako eszenografiarik. Hiru sukaldari pertsonaia desberdinak gorpuzten, aldaketa fisikoaz baliatuta bakarrik. Gauza horiek teknikoki nahiko konplexuak dira, konkretutasun handia eta lan handia eskatzen dute. Soinuek ere indar handia daukate. Baina hiru aktore soilik gaude oholtza gainean eta horrek proiektura gehitzeko asko erakarri ninduen". Izan ere, lau edo bost pertsonaia antzezten ditu aktore bakoitzak. Kepa Errasti aretxabaletarra, adibidez, Hansel eta Gretel-en aita, lagun bat, ipuinean sorgina izango zena eta polizia izango da.

50 minutuko antzezlana da eta bereziki haurrei zuzenduta dago, baina familia giroan gozatzeko lana ere bada. Umore puntuak ere egongo dira; hortaz, publiko guztiari dago zuzenduta.

Bertsio berritua Hansel eta Gretel ipuin ezaguna da, baina antzezlanean, istorioa moldatuta dago: "Hansel eta Gretel-en aitak jatetxe bat dauka, janari osasuntsua egiten den jatetxe bat, eta egun batean, berak errezetak egiteko erabiltzen duen liburua desagertzen da. Beraz, suposatzen da munduko errezeta liburu guztiak desagertu egiten direla, eta jendea behartua sentitzen da prozesatutako janaria eta janari lasterra jatera: hanburgesak,.. Aitak ezin dituenez errezetak egin, banketxeak jatetxea enbarkatzen dio. Hansel eta Gretel beraien aurrezkiekin banketxera joaten dira, aitaren jatetxea berreskuratu ahal izateko. Banketxera bidean, basoan galtzen dira. Hor hasten da antzekotasuna Hansel eta Gretel ipuinarekin". Ipuinean ez bezala, ez dago sorginaren figurarik, baina antzeko zerbait bai: janari prozesatuen arduraduna. Horiek dira aldatzen diren pieza nagusiak.

Ipuinaren bertsio bat da, erreala eta gaur egungoa. Osasungarri eta denetik jan behar dela dio antzezlanean igortzen den mezuak, eta zer garrantzitsua den kontziente izatea zer jaten dugun eta zer ez.

Hansel eta Gretel antzezlana bihar 17:00etan izango da, Amaia antzokian. Sarrerak 5 eurotan salgai egongo dira www.arrasate.eus atarian eta leihatilan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak