Radarren arau-hausteek %60 egin dute behera Arrasaten, 2019an

Xabi Gorostidi 2020ko urt. 28a, 17:12

Guztira 573 arau-hauste egon ziren 2019an abiadura neurtzeko radarra dagoen lau guneetan, eta hamalau harrapaketa izan ziren herri barruan. Horrek sistema defizitarioa izatea ekarri du, gastuak sarrerak baino altuagoak izan baitira. "Nahiz eta radarraren ezarpena defizitarioa izan, bide-segurtasunean aurrerapauso nabarmena eman dugu" azaldu dute Udal Gobernutik.

Hona hemen Udal Gobernuak komunikabideetara bidalitako oharra, bere osotasunean:

"%60 egin du behera radar bidez gehiegizko abiaduragatik jarritako isun kopuruak 2018ko datuekin alderatuta. Guztira 573 arau-hauste eman ziren 2019an Arrasaten Udalak radarra ezarritako lau guneetan: Garibai kalea, Uribarri etorbidea, Araba etorbidea eta Arrasate Pasealekua.

Uribarri eta Araba etorbideetan izan da arau-hauste gehien –226 eta 230, hurrenez hurren– Garibaien bost eta Arrasate Pasealekuan –Arimazubi aurrean– 82.

2018ko datuekin alderatuta jaitsiera nabarmena da, izan ere, 1.447 arau-hauste zenbatu ziren radarra jarri zen lehen urtean (2018). Arrasateko Udalak 2018 urtean abiatu zuen radarren egitasmoa, helburu izanik herri barruko bide segurtasuna hobetzea, abiadura mugak errespetatzeko kontzientzia indartuz. Gainera, ekimenaren helburua diru bilketa egitea ez zenez, behin radarrek sortutako gastuak estalita, batutako diru kopurua (25.000 euro) Gurutze Gorriaren eta DYAren artean banatu zuen Udalak iaz, 12.500 euro bakoitzarentzat, hurrenez-hurren.

Ekitaldi honetan ordea, arau-hausteen eraginez jarritako isun kopurutik baturiko dirua baxuagoa izan da, arau-hauste kopurua nabarmen jaitsi delako. Ondorioz, radarraren egitasmoa defizitarioa izan da: 59.560 euroko sarrerak izan dira, eta gastuak 66.940,10; 7.380,10 euroko defizita plazaratu du egitasmoak.

Hala ere, Arrasateko Udalak nabarmendu du radarren ezarpenak ahalbidetu duela herri barruan autoak mantsoago joatea eta abiadura mugak errespetatu eta ondorioz, oinezkoen zein gidarien bide-segurtasunean aurrerapausoa ematea. Nahiz eta abiadura mugen errespetuan hobetu, 2019an zehar hamalau harrapaketa izan dira: horietako hiru Arimazubi aurrean, radarra dagoen lekuan. Horregatik, Udaletik azpimarratu dute egitasmoarekin jarraituko dutela.

Nabarmendu dute "herritar zein bisitarien segurtasuna lehen mailako gaia" dela: "nahiz eta radarraren ezarpena defizitarioa izan, bide-segurtasunean aurrerapauso nabarmena eman dugu. Arau-hauste kopuruak asko egin du behera, abiadura moteldu delako, eta horrek segurtasunean eragin zuzena du. Herritarrengan kontzientzia handitzen doa, eta datuek berresten dute apustu egokia izan dela, horregatik ekimenarekin jarraitzea beharrezkoa da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak