Arrasateko Segurtasun Plana egin nahi du Gobernuak, herriko eragileekin elkarlanean

Xabi Gorostidi 2020ko urt. 21a, 14:43

Udaltzaingoak azken hiru hilabeteetan edukitako aktibitate mailaren berri eman dute gaur goizean, eta agerraldi hori baliatu du Maria Ubarretxena alkateak egitasmo berri hori aditzera emateko. Aktibitate mailari dagokionez, 858 esku-hartze egin dituzte udaltzainek 2019ko urritik abendura arte, eta 79 salaketa jaso. "Asko baloratzen dugu Udaltzaingoaren lana, eta hori eraginkorragoa izateko herritarren ekarpenak funtsezkoak dira". 

Behin-behineko udaltzainburu Zigor Andinok eta Maria Ubarretxenak egin dute agerraldia, 2019ko urritik abendura bitartean izandako aktibitate mailaren berri emateko.

Esku hartzeak, askotarikoak izan dira:

  • 269 administrazio arlokoak: animaliei, zaratei, alarmei, dokumentu galerei, edota erorketei loturikoak.
  • 219 segurtasun arlokoak: liskarrak, matxurak edota kalte materialak.
  • 151 trafiko alorrekoak: horien artean daude, hamasei istripu zauriturik gabe, hiru istripu zaurituekin eta hiru harrapaketa.  
  • 219 bestelako esku-hartzeak: epaitegiko eginbeharrak, herritarraren laguntzari dagozkionak, Ertzaintzarekin elkarlanean egindakoak –26 azken hiruhilekoan–, ...

79 salaketak ere mota askotakoak izan dira kasuan, gehienak –41–, ondareari edo sozio-ekonomiari loturiko ebazpenak:

  • Lau salaketa lapurreta
  • 25 salaketa kalte materialekin lotuta
  • Eraso bat
  • Hiru salaketa droga trafikoagatik.
  • Zortzi salaketa alkohola eta drogak kontsumitu ostean gidatzeagatik.

Arrasateko Udaltzaingoaren lana azpimarratu nahi izan du Maria Ubarretxena alkateak: "Datuak hor daude, eta garrantzitsua da herri seguru baten alde egiten duten lana". 

Ubarretxena eta Andino, kazetarien aurrean azalpenak ematen. 

Hiru ekintza

Datuak eta zifrak aipatu ostean, segurtasunarekin lotutako hiru ekintzen berri eman du Ubarretxena alkateak: Ertzaintzarekin egingo duten hurrengo kolaborazio akordioa, Arrasateko Lehen Segurtasun Plana eta udaltzain taldea handitzeko martxan dituzten kontratazio prozesuak. 

Segurtasun Plana 2020an martxan jarri nahi dutela azaldu dute, horretarakok aliantzak bilatuko dituztela segurtasun kontuetan zeresana izan dezaketen herriko eragileekin: herriko komertzioekin eta ostalariekin, ikastetxeekin, adindun pertsonekin... "esku hartze komunitario bat egitea da asmoa. Segurtasuna hobetzeko, zenbat eta begi gehiago eduki, hobe. Herritarren kolaborazio funtsezkoa da". 

Une honetan –bajak eta jubilazioak tarteko–  lanean ari diren udaltzainen kopuruak ere aipatu dituzte:

  • 26 udaltzain
  • Udaltzainburu bat
  • Hiru garabi-gidari. 
  • Bi administrari

Lan taldea handitzeko behin betiko sei udaltzain kontratatuko dituzte, Aurkautitik deitu berri duten laugarren lan eskaintza publikoan. Aldi baterako udaltzainak kontratatzeko, ordea, bi bide erabiliko dituzte: Arkautiko lan-poltsa bateratua, eta Udal lan-poltsa. Azken hau meritu bidezkoa izango da eta aldez aurretik "formakuntza homologatua" jaso duten udaltzainek soilik har dezakete parte. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak