Lehenengo eguna pasata, goiz da balorazio bat egiteko, baina, haurrak disfrutatzen ari direla adierazi dute Txatxilipurdiko hezitzaileek, eta oraingoz arrakastatsua izaten ari dela gaineratu: "Lehenengo egunean, urtarrilaren 2an, ilara luzeak izan genituen Uarkape pilotalekuko sarreran, eta hasiera bikaina emanda, hala jarraitzen dugu gaur ere…", adierazi du Oihane Sanchez Txikilandiako arduradunak.
Askotariko aukerak
Zapatu iluntzera arte euskaraz ondo pasatzeko aukera ugari eskaintzen ari dira askotariko guneetan: tailerrak, esperimentazioa eta sormen txokoak, ipuin kontalariak, edo ikuskizuna bezalakoak: "Zenbait gune ditugu, urterokoak direnak, kantxa nagusia, esaterako. Bertan, iaz hasi genuen parkour gunea, puzgarriak, musika, karaokea… ditugu. Honekin batera, Uarkapen zehar ipuin txokoa, bi esperimentazio gune ditugu, horietako bat, 0-4 urte bitarteko haur eta gurasoei bideratuta dagoena, gazte gunea ere iaz hasi genuen indartzen eta aurten ere horretan ari gara…", adierazi du Sanchezek.
Berritasuna, 'Escape Room'-a
Hainbat nobedade ere badituzte aurten; esaterako, gaztetxo zein familiendako Escape room-a, Arrasateko historia ardatz duena. Itxaron zerrenda jarri dute gune honetan, haur asko gerturatu baitziren, atzo, jolas berria probatzera: "15-20 minutu inguruko proba bat da. Kontatzen da XV. Mendean Arrasate erre egin zutela, eta historia ezagutarazi nahi izan dugu. Ganboatarren eta oinaztarren bandoak zeudela, herria banatuta zegoela…, eta garai bateko estrategiak erabili eta bilatu beharko dituzte gela horretatik garaiz irteteko eta Arrasate salbatzeko", adierazi du Iker Agirre Txikilandiako arduradunak.