Urtarrilaren 2 goizean, 10:30etik 13:30era bitartean Musakolako Kiroldegiko igerilekuan izango diren puzgarri, jolas eta ekintzekin emango diote hasiera Txikilandia 2020ri. Eta hasieratik nabarituko dira parkea antolatzen duten Txatxilipurdikoek prestatutako berrikuntzak, 12:00etan hasita, ur xumba egiteko aukera izango dutelako lehen aldiz haur, gaztetxo eta familiek.
Eguen arratsaldetik aurrera, jarduerak Uarkape pilotalekuan eta Arrasateko Gaztetxean izango dira. Eta berritasunen artean, nerabeendako eskaintza indartu gura duten proposamenak daude, besteak beste, Gazteen Gunean arratsaldero 17:30etik 19:30era gaztetxo zein familiendako egongo den escape-room-a. Zirko tailerra eta Camden Town akademiakoen eskutik kaleko dantzak ere izango dituzte gaztetxoek.
Sormena, material naturalekin
Ipuin txokoan eta esperimentazio txokoan egingo diren tailerretan, elementu eta material naturalekin landuko dute sormena; eta beste urte batez hutsik egingo ez dutenak, parkour gunea, rokodromoa, puzgarriak, photocall-a karaokea, eta aurpegia margotzeko txokoa izango dira, besteak beste. Zapatu arratsaldean izango den Irrien Taupadak ikuskizunak borobilduko du Txikilandia. Era berean, aurreko aldian izandako arrakasta ikusita, hiru arratsaldeetan merienda osasungarria ere egongo da.
Sarrerak
Sarreren prezioari dagokionez, 1 eta3 urte bitarteko umeek 3 euro ordaindu beharko dute sarrerako; bonuen kasuan, 5,5 euro. 4 eta 12 urte bitartekoentzat, aldiz, sarrera arrunta 4 eurotan egongo da; eta bonua, bederatzi eurotan. Txikilandiaz arrasatear guztiek gozatu dezaten, bonu sozialak ere aterako ditu Udalak Gizarte Zerbitzuen bidez, eta ludoteketan kuota murriztua duten umeek era izango dute bonu horiek lortzeko aukera.