Webgune berria eta App-a, Arrasateko kale garbiketaren zerbitzu berriak

Amaia Aranegi 2019ko abe. 17a, 15:47

Arrasateko kale garbiketaren zerbitzu berria aurkeztu dute gaur Udalak eta Arrasateko kale garbiketaz arduratzen den CESPA enpresak. Gaurtik aurrera, martxan daude webgune berria eta aplikazioa –Linea Verde– kaleetako garbiketa kudeatzeko.

Aplikazio berri honen bitartez herritarrek kale garbiketan parte hartzeko duten aukera azpimarratu du Oscar Garciak, Obra, Zerbitzu, Mantentze-lan eta Auzoetako batzordeko buruak. "Aplikazioak iradokizun-buzoi bat dauka, eta baita intzidentziak markatzeko eta geolokalizatzeko erreminta bat ere, eta hori garrantzitsua da, guztiok inplikatu gaitezkeelako kale garbiketan".

Geolokalizazio sistema

Hain zuzen ere, geolokalizazioa sistema da berrikuntzetako bat, ibilbideak "erabateko gardenak" izateko eta herritarren kexak "hobeto" kudeatzeko. "Kexa bat heltzen bazaigu esanez, adibidez, kale batetik ez direla pasatu garbitzaileak, garrantzitsua da jakitea egia den ala ez. Izan ere, batzuetan, jendea dagoenean ez dira pasatzen eta jendea ez dagoenean bai. Erreminta honekin jakingo dugu zehazki nondik pasatu diren garbitzaileak, ze ordutan pasatu diren eta zer egin duten", azaldu du.

Herritarren parte-hartzea, berrikuntza, jasangarritasuna eta moldagarritasuna dira zerbitzu berri honen ildo nagusiak. Azken honetan zerbitzua emateko baliabideak gehitu dituztela gaineratu du Garciak. "Arrasatek zazpi eguneko zerbitzua dauka, goizez eta arratsaldez. Urarekin egiten den garbiketa egunerokoa da eta orain, makineria berriarekin, kaleak ur beroarekin garbitzeko aukera daukagu. Modu horretan, garbitasun pertzepzioa askoz ere handiagoa da".

Zerbitzu "osoa"

CESPA enpresa arduratzen da Arrasateko kale garbiketaz, eta, enpresako Gipuzkoako arduradun Estibaliz Sainzek azpimarratu duenez, zerbitzu berri hau Arrasateko ezaugarrietara egokitu da. Zerbitzu eraginkorra, bideragarria eta jasangarria da".

Gaineratu du eskaintzen duten zerbitzua osoa dela. "Zerbitzu guztiak indartu egin ditugu; egunez eta arratsaldez garbitzeaz gain, goiko auzoetan ere areagotu egin dugu. Horrez gain, jaietan ere aparteko zerbitzua eskainiko dugu, prestaketa lanetan, jaiek dirauten bitartean, eta bukatu ostean. Azkenik, intzidentziei aurre egiteko guardia zerbitzua ere egongo da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak