ALBISTEAK

Aurkeztu dituzte aurtengo Santamasak

Amaia Aranegi 2019ko abe. 10a, 09:09

2019ko Santamasak ekintzaz beteta datoz aurten ere. Herriko taldeen kultur emanaldiak eta kale animazioa, artisau azoka, herri bazkaria eta Santamasetako protagonista ez dira faltako. Aurtengo txerriaren izena Xanti Smith da eta herritar guztiak txerria ikustera eta errifak erostera gonbidatu dituzte antolatzaileek.

Festa honetako protagonistak herritarrak eta herriko eragileak izango dira urtero moduan. Kultur taldeek emanaldi ugari eskainiko dituzte. Lore Gazteak eta Txikitxu dantza taldearen eskutik esaterako, dantza saio parte hartzaileak egongo dira; zapatu honetan borobileko dantza saioa eta Santamas egunean, Txerri dantza eta Batzen dantza herrikoia. 

Hala ere, herriko kultur talde asko arituko dira herriko kaleak alaitzen. Dantzariez gain, besteak beste, Arrasateko trikitilariak, Udalaxpe txistulari taldea, Arrasateko gaiteroak, albokariak eta txalapartariak, kantu-kalejira Portaloi elkartearekin, erraldoi eta kilikien konpartsa eta gustu guztietarako kontzertu eta dantzaldi ugari.

Tradizio zaharrak irakasgai berri

1978.urteaz geroztik antolatzen du Santamas Komiziñuak artisauen azoka, iragan eta geroko lanbide zaharrak balioan jarri eta sustatzeko asmoz. Artisauek nola lan egiten duten ikusteko aukera egongo da eta baita euren lanak salerostekoa ere. Aurten, artisautzarekin lotutako bi tailer antolatu dituzte: ZERAMIKA tailerra eta ARTILETIK HARIRA tailerra.

Herri bazkaria

Herri bazkaria aurten ere Musakolako kiroldegian izango da eta 700 pertsonendako lekua egongo da. Txartelak abenduaren 12an, eguenean,  jarriko dira salgai 20 eurotan eta aurten BAZen eskuratu ahal izango dira. Txartelaren erdiak 11:00-13:00 eta gainontzekoak 17:00-19:00. Aurten berritasun modura, pertsona bakoitzak gehienez 10 txartel erosi ahal izango ditu.

Herri bazkarira gerturatzeko, aurreko urtean bezala doako autobus zerbitzua egongo da 14:00-14:45 Maalako biribilgunetik eta 17:30-18:30 Musakolatik itzultzeko. Bazkaria borobiltzeko AZ GAUBELAKen eskutik dantzaldia egongo da.

Xanti Smith txerria

Aurtengo txerriaren izena Xanti Smith da, Aretxabaletako Galartza auzoko Zaloña Aurrekoa baserrikoa eta 260 kilo ditu. Ohiturari jarraituz, festa egun handiaren bezperan, hilaren 21ean, aurkeztuko dute. Horrez gain, errifen salmenta eta zozketa ere egingo dute. 500 euroko saria irabazteko aukeraz gain, jai herritar hauei laguntza emateko balio dutela azpimarratu dute komisiñoko kideek.

Euskal pertsonaia mitologikoen ezagutza eta transmisioa

Euskal pertsonaia mitologikoen ezagutza eta transmisioa sustatzeko helburuarekin, ohikoak diren Olentzero, Txoronpio eta Txoronpiaz gain, Mari ere izango da protagonista aurten.

Egitaraua bere osotasunean ikusteko, egin klik hemen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak