Euskararen Nazioarteko Egunean egin dute abenduko osoko bilkura Arrasaten. Hori izan da bilkura ordubete lehenago egiteko arrazoia –19:00etan antolatuta zegoen ekitaldira heltzeko– eta horrekin lotutako adierazpen instituzionala irakurriz hasi dute bilera; besteak beste, keinua egin diete iazko Euskaraldiari eta 2020an datorrenari, eta euskara arlo sozioekonomikoan indartzeko beharra ere aipatu dute: "Ugari dira berariazko lanketa eskatzen duten alorrak, eta horien guztien artean bada bat gizarte-bizitzaren gune-gunean dagoena: ekonomia, lana eta kontsumoa biltzen dituen arloa, hain zuzen ere, gizartearen eta herritarron bizitzaren motor nagusia baita". Aipatzea, aspaldiko partez, bilkurako interbentzio guzti-guztiak euskaraz egin dituztela.
[Adierazpena bere osotasunean irkurtzeko egin klik hemen]
Azken unera arte negoziatzen
Agintaldi berriko lehen aurrekontuek bazituzten aldez aurretik aldeko hamabi boto, EAJrenak eta PSE-EErenak, baina azken unera arte Elkarrekin Arrasateren abstentzioa lortzen ahalegindu dira Gobernuko kideak. Hiru bilera egin dituzte –azkena gaur goizean bertan– akordio batera iristeko baina ez da posible izan. "Elkarrekin Arrasatek hamar proposamen egin zizkigun, eta horietako zazpirekin ados geunden. Baina gai horiei bideratu beharreko diru kopuruetan ez gara ados jarri, eta horrek eragin du abstentzioa ez lortzea" azaldu du Maria Ubarretxenak GOIENAko mikrofonoetan.
Aurrekontuak botatu aurretik negoziazio horiei buruz mintzatu da Elkarrekin Arrasateko Igor Urizar ere. "Itxaropen handirik gabe hasi genituen negoziaketak, eta, hala ere, azken unera arte ahalegindu gara. Baina ezin genuen gure abstentzioa apur batzuen truke saldu. Aurrekontuaren %2a nahikoa zen akordiora heltzeko, baina ez dute horren alde egin".
Oposizioko alderdi nagusi den EH Bilduren eta Gobernuaren artean, ordea, ez da negoziaziorik egon. EAJko bozeramaile Anuska Ezkurrak azaldu du ez dutela euren partez "proposamenik jaso", eta negoziatzeko bilera bat proposatu dieten arren ez dutela EH Bilduren erantzunik jaso.
EH Bilduko Maider Morrasek erantzun du ez dela egia ez dutenik proposamenik egin, eta ogasun batzorde bateko akta begiratzeko eskatu dio Ezkurrari, non EH Bilduk 25 galdera egiten zituen Gobernuaren aurrekontu proposamenaren inguruan. "Aktak hor daude. Gure galdera bakoitzak proposamen bat zuen atzean, baina zuen erantzunak hauek izan dira, beste behin: 'hori ez dugu onartzen', 'ez, hori ikusiko dugu'... zuen erantzun horietan ez dugu negoziatzeko borondaterik ikusi".
Aipatzea, Udal Gobernuak Emakume Txokoa Monterron jauregira lekualdatzea aztertzeko EH Bilduk egindako proposamen txertatu duela aurrekontuan, nahiz eta negoziaziorik egon ez. "Pena bat izan da zuen negoziatzeko jarrera eza, ikusi duzuen bezala zuen proposamenetako bat onartu baitugu" azaldu du Ezkurrak. Hona Morrasen erantzuna: "Zuen jarrera da: 'egin proposamenak eta gure gustukoak badira, bada orduan aztertuko ditugu'; eta hau izan da horren adibide garbi bat". Gobernuak 15.000 euro bideratuko ditu Emakume Txokoa Monterron jauregira lekualdatzeko azterketa teknikoa egiteko.
Hamabi alde, bederatzi aurka
2020ko Udal aurrekontu proposamena botatu aurretik, alderdiek interbentzioak egin dituzte horiei buruzko iritzia emateko. EAJko bozeramaile Anuska Ezkurra izan da hitza hartzen lehena. "Aurrekontu zuhurrak, errealistak eta eraikitzaileak dira gaur onartzen digunak. Zuhurrak, Udalaren baliabideak mugatuak direlako; errealistak, pertsonal eta zerbitzu gastuek zati handiena hartzen dutela dakigulako; eta eraikitzaileak Arrasaterentzat beharrezkoak diren inbertsiotarako 5.355.000 euro dituelako". Horien artean Juan Arzamendi –519.000 euro, Kulturola –500.000 euro– eta Erguingo igogailua –2.300.000 euro– nabarmendu ditu.
[Aurrekontu proposamenari buruzko albistea ikusteko, egin klik hemen]
EH Bilduk osotasunera emendakina aurkeztuko duela azaldu du Maider Morrasek. "Formengatik eta edukiagatik aurka botatuko dugu. 15 egun eman dizkiguzue urteko gairik garrantzitsuena lantzeko, eta hori ez da nahikoa, ezta profesionala ere". Edukiaren aurka lerratzeko hamar argudio eman ditu, besteak beste: pobreziaren aurka egiteko 50.000 euro gutxiago jartzea; azokarako 10.000 gutxiago; merkartaritza estrategikotzat jotzea eta hauei laguntzeko partida ez handitzea; kiroldegi berrirako partidarik ez egotea, "hauteskundeetan hainbeste aipatu eta gero"; edo segurtasuna hobetzeko igoerarik ez izatea –drogomenpekotasunari aurre egiteko edo komertzioetan lapurretarik ez egoteko inbertsio falta aipatu ditu–.
[EH Bilduren interbentzio osoa irakurtzeko egin klik hemen]
Hona Elkarrekin Arrasateko Igor Urizarren kritika: "Aurrekontu honek gizarteko ezberdintasunetan sakontzen dute, eredu pribatizatzaile bat egonkortuz, fiskalitate atzerakoia aurrera eramanez eta herriko sektore pobreenen egoera larrituz. Aurrekontua %4,14 handitu da iaztik hona, baina herriko behartsuenei tasak eta zergak igotzen zaizkie".
[Elkarrekin Arrasateren interbentzio osoa irakurtzeko egin klik hemen]
Udaleko enpresa batzordeko hiru ordezkari ikusleen artean zeuden, eta hitza eskatu dute aurrekontuak botatu aurretik. Baina, araudiari jarriki, alkateak ez die baimenik eman ez dutelako aldez aurretik eskaria egin; galde eta eskeetan hitz egiteko aukera izango zutela esan die ostean.
Azkenik, botatzeko unea heldu da eta Gobernuaren hamabi botoekin onartu dituzte aurrekontuak, EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek aurka botatu arren.
Osoko bilkuren eta batzordeen arteko talka
Agintaldi honetako aurreko osoko bilkuretan bezala EH Bilduko bozeramaile Maider Morrasek galdera zehatzak egin dizkio Gobernuari, eta hauek batzordeetan erantzunak ematera mugatu dira. Gaurkoan Udaleko plantilla organikoari, 2020ko lanpostuen zerrendari edota kreditu espedienteen aldaketei buruzko galderak egin ditu Morrasek, baina EAJko bozeramaile Anuska Ezkurrak ez du osoko bilkuran erantzun nahi izan. "Eskubidea osoa dugu galderak osoko bilkuran egiteko, benetan uste dugulako herritarrei erantzunak emateko leku aproposa dela" azaldu du Morrasek. Hona Ezkurraren erantzuna: "Gure ustez gai horiek batzordetan jorratu behar dira, eta bertan emango dizkizugu erantzun guztiak. Ez nauzu konfrontazio horretan aurkituko".
10. puntuan alkate erabakien berri ematearen txanda zen, baina EH Bilduko zinegotziek salatu dute ez dituztela ebazpen horiek jaso.
Enpresa batzordearen salaketa
Udaleko 260 langileen ordezkari sindikalek hitza hartu dute galde eta eskeen tartean. Maite Barreña presidenteak adierazi du Gobernuak ez duela euren eskaerak negoziatzeko borondaterik, eta Eudelen markoa betetzera mugatzen dela. "Guk ez dugu Eudelekin ezer negoziatu nahi, Arrasateko Udalarekin baizik. Guretzat Eudel ez da erreferentzia bat". Zentzu horretan EH Bilduri zuzendu zaio, esanez, eurek ere Eudelen parte direla. "Gu gabe, udal langilerik gabe, ezin dituzue zuen Udal politikak gauzatu eta gure eskubideak defendatzeko borroka mantenduko dugu, eta borroka plangintza bat jarriko dugu martxan".
Udalaren eta enpresa batzordearen arteko negoziazio mahaia lau alditan batzartu da. Hala azaldu du Ubarretxena alkateak zein puntutan dauden negoziaketak: "Eudelek gauza batzuk negoziatzeko tartea eman digu, eta adostasunak lortu ditugu, adibidez, lan egutegiari buruz, aitatasun baimenei buruz eta jai egunez buruz. Baina soldata igoerak ez negoziatzeko eskatzen digu Eudelek, eta hori errespetatuko dugu".