Erguingo igogailua, bidegorria eta TAO sistema, Gobernuaren aurrekontu proposamenean

Xabi Gorostidi 2019ko aza. 19a, 13:48

34.800.000 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu dute, iaz baino %4,5 handiagoa –ia 1.600.000 euro gehiago–. Inbertsioen alorrean %15eko igoera planteatu dute, batez ere, mugikortasunarekin lotutako inbertsioek protagonismoa hartzen dutelarik. Inbertsio nagusia  –2.300.000 euro BEZ gabe– Erguingo igogailua egitera bideratuko dute; abenduan hasiko dira eta 2020an amaitzea espero dute. 

EAJk eta PSE-EEk osatzen duen Udal Gobernuak gertu du agintaldi berriko lehen aurrekontu proposamena, 2020ra begira. Aldez aurretik oposizioari aurkeztu ostean, gaur komunikabideen aurrean aurkeztu dute: 34.800.000 eurokoa izatea proposatzen dute eta iaz baino milioi euro eta erdi pasatxo handiagoa.

Aurreko urteetan bezala, pertsonal eta zerbitzu gastuek ia aurrekontuaren %70a hartuko dute, baina aurtengo igoerak eragina izango du inbertsioetan. 5.355.000 euroko inbertsioak egitea aurreikusten dute, iaz baino %15 gehiago. Inbertsio nagusiena Erguingo igogailu sistema exekutatzera bideratuko dute, baina hura gauzatzeaz gain, Santa Teresako igogailu proiektua aurten idatziko dela gaineratu du Maria Ubarretxena alkateak.

Artzamendi enpresa burutuko ditu Erguingo igogailu sistemaren exekuzio lanak eta abenduan hasiko dira lanean. Mugikortasunarekin lotuta badaude inbertsio gehiago: Araba etorbideko lanak amaitzeko 600.000 euro daude –bertan bidegorria doa– eta bidegorriarekin jarraituz 100.000 euro jarriko dituzte Ekoboulevard proiekturako, hain zuzen, Maalako biribilgunetik Araba Etorbideraino doan bidegorri zatirako.

Baina ez hori bakarrik. Aparkalekuekin lotuta TAO sistema ezartzeko apustua egingo du Gobernuak, eta 15.000 euro jarriko dituzte herritarrekin batera TAO sistemari forma emango dion parte hartze prozesu bat egiteko. [Gai honi buruzkoak aurrerago landuko ditugu].

Aurreko agintalditik datozen eta martxan dauden proiektuetarako ere badaude finantziazio lerroak. Juan Arzamendi Musika Etxera, 519.000 euro bideratuko dituzte –219.000 lanak amaitzeko eta 300.000 euro ekipamendurako– eta Kulturolara, adibidez, 500.000 euro.

Aurrekontuak abenduaren 3ko osoko bilkuran onartuko dituzte, eta oposizioaren ekarpenak eta onarpena jasotzeko gogoa azaldu dute. Emakume Txokoa Monterron Jauregira lekualdatzeko EH Bilduk egindako azterketa proposamenari buruz galdetuta azaldu dute "ados" daudela, baina oposizioa euren proposamenekin ere ados azaltzea gustatuko litzaiekeela gehitu dute.

Kirol inbertsioak

Kirol inbertsioekin lotuta, Musakolako Kiroldegia berritzeko prozesu parte hartzailea egiteko 25.000 euro bideratuko dituzte. Athlon enpresarekin lanean ari da Udala kiroldegi berrirako kudeaketa ereduak aztertzen, eta behin prozesu parte hartzailea eginda, Kiroldegiaren proiektu definitiboa egitea izango da hurrengo urratsa. 

"Kirol eskaintza deszentralizatzen jarraitzeko" bi egitasmo berri eman dituzte aditzera. Kirol bat baino baino gehiago praktikatzeko kantxa hesitu bat egin nahi dute –lekua ez dute zehaztu– saskibaloia, futbola eta bestelako kirol batzuk egiteko balioko duena. 

Bigarrena parkourra egiteko gune bat izango da. Obenerrekako forntoian egingo dute, eta parkourra egiteko elementuez gain, eskalada egiteko gunean ere izango ditu. "Haur kontseiltuik jasotako proposamen bat zen parkour gunearena. Gainera, Aldai parke inguruan egitea eskatu zuten haurrek, eta Obenerreka leku aproposa da horretarako" gaineratu du Ubarretxenak. 

Beste inbertsio batzuk, arloz arlo

Bizikidetza eta parte hartzea

  • 250.000 euro: Aurrekontu parte-hartzaileak
  • 20.000 euro: Parte hartze ordenantza egiteko.
  • 20.000 euro: Bizikidetza mahaia.

Garapen komunitarioa (lehengo gizarte zerbitzuen eta gazteria sailaren batura)

  • 570.000 euro: Etxez-etxeko laguntza zerbitzua
  • 300.000 euro: Babesgabeko egoerei aurre egiteko zerbitzua.
  • 4.300 euro: Elikagaien bankua
  • 40.000 euro: Droga-menpekotasunaren prebentzio ekintzak.
  • 60.000 euro: Gazteen emantzipaziorako alokairu programa.
  • 58.000 euro: Tutoretzapeko etxebizitzen laguntza zerbitzua.
  • 20.000 euro: Eguneko zentroa egiteko proiektuaren idazketa.
  • 80.000 euro: Haurren Kontseiluak proposatutako parkour parkea.

Enplegua eta hezkuntza

  • 42.000 euro: SHREC Klima aldaketaren inguruko proiektu europarra.
  • 10.000 euro: Arrasatera ezarpen ekonomiko berriak erakartzeko ekintzak.
  • 20.000 euro: Ikasketa amaierako proiektuak eta lanpostuetarako prestakuntza.
  • 35.000 euro: Enpresa berriak sortzen laguntzeko fondoa.
  • 30.000 euro: Langabetuen formakuntza gastuetarako laguntza programa.
  • 100.000 euro: Langabetuak kontratatzeko laguntza.
  • 20.000 euro: Saiolan erakundearekin lankidetzarako aportazioa.
  • 100.000 euro: Hezkuntza eraikinetan inbertsioak.
  • 29.500 euro: Hizkuntza Eskola gelak Arrasaten.
  • 29.700 euro: Bertsolaritza eskoletan jorratzea.

Mugikortasuna eta jasangarritasuna

  • 2.298.527,36 euro: Erguineko igogailua.
  • 40.000 euro: Santa Teresa auzorako igogailuaren proiektua.
  • 596.950 euro: Bidegorriaren garapena, Araba etorbideko proiektua bukatzea.
  • 100.000 euro: Etxaluze Maala ekobulebarraren obrak exekutatzen hasteko.
  • 10.000 euro: Etxezarreta basoaren berreskurapena.
  • 30.000 euro: Landa eremuko udal jabegoko lursailen mugaketa.

 Euskara eta kultura

  • 10.000 euro: Euskararen erabilera sustatzeko hausnarketa prozesutik eratorritako ekintzak.
  • 500.000 euro: Kulturola erakinaren obrak.
  • 138.803 euro: Euskal komunikabideei dirulaguntzak.
  • 44.345 euro: Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearekin hitzarmena.
  • 25.000 euro: Euskarako ekintzak.
  • 88.374 euro: Euskara dirulaguntzak.
  • 68.000 euro: Udal ekintzen euskarazko zabalkundea.
  • 10.000 euro: Antzerki Eskola –Doke antzerki taldearen ekimena da–.
  • 20.000 euro: Eremu publikoan parekidetasuna lantzeko egitasmoa.
  • 300.000 euro: Juan Arzamendi Musika Etxearen ekipamendua.
  • 350.000 euro: Kultur ekintzak.
  • 75.000 euro: Auzoetako jaietarako dirulaguntzak –iaz baino 7.000 euro gehiago–.

Berdintasuna

  • 20.000 euro: Udaleko sail guztietan berdintasun politiken inguruko formazio saioak eta
    zeharkakotasuna.
  • 57.000 euro: Indarkeria matxistaren kontrako bigarren plana egikaritzea eta plan operatiboa
    martxan jartzea.
  • 34.848 euro: Ikastetxeetan indarkeria matxistaren identifikatze goiztiarra eta ekiditeko
    proiektua.
  • 120.000 euro: Berdintasun saileko beste hainbat ekintza.

Tokiko merkataritza eta turismoa

  • 12.000 euro: Herri sustapenerako ekintzak.
  • 13.000 euro: Merkataritza eta nekazaritza ekintzak.
  • 15.000 euro: Tokiko merkataritza indartzeko sustapen ekintzak.
  • 31.000 euro: Herriko merkatari elkartearekin hitzarmenaren baitako ekintzak.
  • 16.200 euro: Merkataritzari laguntza.
  • 50.000 euro: Alde zaharreko hirigintza plan berezia aldatzeko prozesua.
  • 30.000 euro: Gabonetako argiak.

Kirola

  • 25.000 euro: Kiroldegi berriko proiektua garatzeko hausnarketa kolektiboa prozesu parte-
    hartzailea.
  • 10.000 euro: Kirolaren plan estrategiakoaren baitako ekintzak.
  • 123.350 euro: Musakolako gimnasioko aholkularitza zerbitzua.
  • 80.000 euro: Inbertsioak.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak