Mozambikeri laguntzeko hitzarmena sinatu dute Arrasateko Udalak, Mundukidek eta Harremanek

Imanol Beloki Unamuno 2019ko aza. 29a, 12:44

15.000 eurotako ekarpena egingo dio Arrasateko Udalak Mozambikeko programari. Hori gauzatzeko, hitzarmena sinatu dute, gaur, Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak,  Mundukide Fundazioko Josu Urrutiak eta Harreman Gobernuz Kanpoko Erakundeko Javier Ruiz de Munain ordezkariek.

Arrasateko alkateak Mozambiken egiten duten lana goraipatu du, eta proiektuaren garrantzia azpimarratu: "Aipatzekoa da proiektua dela bertakoei laguntzea kooperazioaren bitartez, bertan, beraiek bizitza duin bat aurrera ateratzeko aukera izatea. Hori izan behar da helburua, eta horretarako lagundu beharra daukagu…", adierazi du Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak.

Harremaneko Javier Ruiz de Munain, Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea eta Mundukideko Josu Urrutia.

Azken urteetako lana

"Mundukidek 20 urte bete ditu, eta Mozambikeko programa beteranoena da. Gorabehera dezente izan ditugu bertan, baina, azken 10-12 urtetan nekazaritzan zentratuta gaude, eta horretan ari gara gaur egun", adierazi du Mundukide Fundazioko Josu Urrutiak. Horrekin batera, emaitzak lortzen ari direla gaineratu du Urrutiak, eta adierazi du duela hiru urte 50.000 inguru onuradun zituztela, eta gaur egun, 75.000 onuradun izatera iritsi direla.

Harreman Gobernuz Kanpoko Erakundeko Javier Ruiz de Munainek, bestalde, Arrasateko Udalaren konpromisoa eskertu du, eta garapenerako lankidetzara bideratzen diren errekurtsoak %0,7ra iristeko eskatzen ari direla, eta horra heltzea espero duela adierazi du, besteak beste.

Ostiral beltza hizpide

Prentsaurreko amaitzeko, gizarteari hausnarketa bat eskatu dio Josu Urrutiak Ostiral beltza dela-eta, kontsumismoa hizpide izanda: "Herritarrei hausnartzeko eskatu nahi diet. Izan ere, nola bizi garen, eta nola kontsumitzen dugun, eragin handia dauka beste herri batzuetan…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak