'Pop-up' azoka egingo dute aurten lehenengoz, Gabonetara begira

Maialen Santos 2019ko aza. 26a, 17:11

Ibai-Artek antolatuta, abenduaren 14an, zapatua, egingo dute azoka Seber Altube plazan. Herriko hamabost komertziok hartuko dute parte, eta denetarik erosteko aukera izango da. Gabonetako gainontzeko egunetarako ere askotariko ekintzak antolatu dituzte Ibai-Artek eta Udalak, elkarlanean.

Gabonetako egitarauaren baitan, abenduaren 14an egingo duten pop-up azoka da aurtengo berrikuntza nagusia. Karpa handi bat jarriko dute Seber Altube plazan, eta barruan jarriko dituzte ikusgai euren produktuak, hamabost komertzio parte-hartzaileek. Karpa barruan ez ezik, kanpoan ere izango da zer egin; hain zuzen, umeentzako puzgarriak eta musika, magia eta akrobazia ikuskizunak egingo baitituzte. Merkatuaren baitan sari banaketa egingo dute Ibai-Arteko dendetan Arrasate txartelarekin erosketak egin eta saria irabazi duten bezeroen artean.

Horretaz gain, azken urteetako izotz pistaren ordez, izotz txirrista jarriko du Udalak Biteri plazan, abenduaren 25etik urtarrilaren 6ra arte. Txirrista erabiltzeko sarrerak herriko saltokietan edota plazan bertan egongo den etxolan eskuratu ahal izango dira, euro baten truke. Izotzeko txirristaz gain,  puzgarriez gozatzeko aukera izango dute haurrek; abenduaren 27 eta 28an, Seber Altuben jarriko dituzte. 

Argien piztuera, abenduaren 5ean

Abenduaren 5an, eguena, piztuko dituzte Gabonetako argiak. Arratsaldeko 19:00etan izango da hori, herriko plazan, eta aurten Goikobalu abesbatzako eta Arrasate Atletiko taldeko ordezkariek hartuko dute parte argien piztueran -beraiek izango dira argiak pizteko botoia sakatzeaz arduratuko direnak-. Horren ostean, Goikobalu txiki abesbatzako kideek abestu egingo dute, gainera. Aurten, bestalde, Gabonetako pinua jarriko dute Biterin, eta hori ere argiz josiko dute. 

Erakuslehio lehiaketa, abian

Santamasetako erakuslehio lehiaketan izena-emateko abenduaren 14ra arteko epea izango dute herriko komertzioek. Izena ematen dutenek, ostean, abenduaren 15etik 31ra bitartean izango dute erakuslehioa apainduta. Ibai-Arteko eta Udaleko ordezkari banak eta diseinuan aditua den beste batek osatuko dute erakuslehio onenak aukeratzeko epaimahaia. Publikoak ere izango du botoa emateko aukera -Udalaren edota Ibai-Arteren webgunean-.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak