Aparkatzeko modua irauli egingo da 2020an

Xabi Gorostidi 2019ko aza. 21a, 13:21

TAO sistema erdialde osora hedatuko da "2020 amaierarako", baita San Andresera eta Munarrera ere. Musakolan eta auzo garaietan ez dute jarriko, "printzipioz", eta urtarrilean prozesu parte hartzailea egingo du Udalak herritarren ekarpenak jasotzeko

Gutxi barru, Arrasate erdialdean aparkatzeak ez du zerikusirik izango gaur egungo moduarekin. Udalak TAO (OTA) sistema ezarriko du erdialde osoan, San Andresen eta baita Bizkaia etorbidean eta Munarren. Azken bi leku horietan jartzearena bizilagunen eskakizunek eragin dute. Unibertsitate inguruan dagoen TAO sistemaren eraginez, auto asko aritzen da bi gune horietan aparkatu nahian, eta egoera hori amaitzeko neurriak eskatu dituzte bizilagunek.

Gogoratu behar da, gainera, gai honek baduela adostasun politikoa, Arrasaten TAO sistema ezartzeko beharra barne hartzen baitzuen 2018an aho batez onartu zen Mugikortasun Planak.

Lehen kontaktuak

Udalak bi enpresa kontratatuko ditu TAO sistemarekin laguntzeko. Bidein da bata, hainbat herritan TAO sistema ezartzen lan egin duena; berriki, Hernanin, esaterako. Bestea Aztiker da, eta hauen zeregina izango da herritarren ekarpenak sistema berrian txertatzeko parte hartze prozesua egitea. Prozesua urtarrilean hasiko da, eta, egin aurretik, postontziz postontzi bidaliko dute informazioa.

Bidein enpresak egindako zirriborro baten gainean egingo dira herritarren ekarpenak. Martitzenean egindako agerraldi batean, gaiari buruz galdetuta, udal ordezkariek adierazi zuten zirriborro hori "bukatu gabe" dagoela, baina, GOIENAk jakin duenez, oposizioarekin eta herriko dendariekin jada egin dituzte gaiari buruzko bilerak, sistemari berriaren zertzelada nagusiak azaltzeko.

Hiru TAO mota eta egoiliarrak

Errotazio altuko guneak egongo dira –30 minutu inguru–, gune normalak –egonaldi luzeagoak– eta egun erdiz edo egun osoz aparkatzeko guneak ere. Non kokatuko diren eta zenbat iraungo duten ez dute oraindik zehaztu, baina bai, ordea, "printzipioz" ez dutela sistema Musakolara eta auzo garaietara hedatuko.

Egoiliarrentzako guneak ere egongo dira: Grupo San Juaneko bi plazatan ziur, eta baliteke Pablo Urangan eta Ignacio Zuloagan ere.

"Joera handiegia"

Herriko mugikortasuna lau hilabetez aztertu ostean, Intra enpresako kontsultore Joan Esteveordali elkarrizketa egin zion GOIENAk duela bi urte, eta garbi zuen Arrasatek zer zuen hobetzeko: "Ibilbide laburretarako, autoa hartzeko joera handiegia dago". Neurri honekin hori konpondu nahi du Gobernuak, "nahiz eta ez den prozesu erraza ez atsegina izango" Maria Ubarretxenaren iritziz. "Errezena kontu honekin ezer ez egitea zen, baina erantzukizunez jokatzea tokatzen zaigu".

Urrats gehiago mugikortasunean, 2020rako

2020rako aurrekontu proposamenean finantziazio lerro bat proposatu du Gobernuak Aztikerrek egingo duen prozesu parte hartzailerako. Baina badaude mugikortasunarekin lotutako partida gehiago:

  • 2.300.000: Erguingo lau igogailuak egiteko.
  • 600.000: Araba Etorbideko lanak amaitzeko.
    • Honek barne hartzen du Aretxabaletatik datorren bidegorria Etxaluzeraino luzatzea.
  • 100.000: Ekoboulevard proiektura, Maalako biribilgunea eta Etxaluzekoa bidegorriarekin lotuko dituen egitasmora.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak