Alkateak udaltzainak kontratatzeko duen "modua eta prozedura eza " salatu ditu EH Bilduk

Jone Olabarria 2019ko aza. 15a, 13:36

Udaltzainen kontratazioan bi prozedura "irregular" salatu ditu EH Bilduk; gidabaimena erretiratua zuela kontratatutako udaltzain baten kasua eta curriculum bidez kontratatu diren hiru udaltzainena. Prozedurak egiterakoan "berme batzuk ziurtatzea" exijitu du EH Bilduk.

Arrasateko udaltzaingoaren plantillaren egoera “oso latza” dela iritzita,  alkatearen partetik "udaltzainak kontratatzeko modua eta jarraitutako prozedura" salatu ditu EH Bilduk gaur egindako prentsaurrekoan.

Egoerak "arduratuta" eta fokua bi kontratazio kasu zehatzetan jarrita, pertsonal sailari txosten juridikoa eskatu diotela azaldu du Maider Morrasek. Atzo ERNEk egin bezala, salaketa egiteko txosten horren zain zeudela adierazi dute.

Gidabaimenik gabe

Adierazi dutenez, 2018ko urrian gidabaimena erretiratua zuen udaltzain bat kontratatua zuen udalak. Honen aurrean, udaltzainek beraiek salaketa bat jarri zutela azaldu dute eta alkateak emandako erantzuna salatu dute: "Salaketa jarri zuten  kontratua baliogabetzeko eskatuz, legez kanpokoa zela, ez zelako baldintzetako bat betetzen. Alkateak ezetz erantzun du, egun baduela txartela eta kontratua indarrean mantenduko duela".

Curriculum bidezko kontratazioak

Bigarren kasuari dagokionez, orain 10 egun lanean hasi diren hiru udaltzainen kontratazioaren berri eman dute. Hiru pertsona horiek curriculuma "zuzenean" Arrasateko udalera bidaliz  kontratu direla adierazi dute. 

Gaineratu dutenez, oposizioari eta sindikatuei ezer esan gabe, hauen iritziaren kontra, eta inolako txostenik, ez justifikaziorik eman gabe egin dute: "Jendea curriculumak bidaltzen hasi zen udaletxeetara. Ander Garay-ri galdetu genion eta ziurtatu zigun gurean ere hala zela. Bai guk, bai Igor Urizarrek eta bi sindikatuek pertsonala hala ez kontratatzeko eskatu genion. Hau administrazioa da, ez enpresa pribatu bat".

EH Bildutik udaltzainen beharra azpimarratu dute, baina administrazioak kontratuak egiterakoan "berme batzuk ziurtatzea" exijitu dute eta gogorarazi dute pertsonala ezin dela "edozein modutan kontratatu, are gutxiago curriculum bidez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak