Gizarte kohesioa beti izan dela eta izango dela EAJren lehentasunetako bat beraien politiketan adierazi du Ubarretxenak ekitaldia hasi bezain pronto, pertsonengan sinesten dutela nabarmenduz: "Gizarte zerbitzuetako inbertsioetan, pertsonengan, zein gizarte kohesioan gehien inbertitzen duen estatuko hirugarren herria da Arrasate, alegia. Pertsona nagusien etxeak ikuskatu, suteen aurkako gailuak jarri eta elkarrizketa pertsonalizatuak egin ditugu, Gipuzkoako zerbitzuen mapa osatzeko lan egin dugu, herriko harrera protokoloa ezarri dugu, drogamenpekotasunaren inguruan programa berritzaileak jarri ditugu martxan, Arrasateko giza diagnosia egin dugu, elikagaien bankua ere martxan jarri dugu…", adierazi du Maria Ubarretxenak.
EAJ erreferente
Arrasatez gain, Euskadi bera gizarte kohesioa lortzen eredugarria dela adierazi du ostean, Aitor Estebanek, eta lan arloa, gizarte segurantza, eta berdintasuna izan ditu hizpide, besteak beste. Zenbait arlotan, EAJk estatu osorako erreferentzia diren neurriak sustatzen dituela nabarmendu du: "Eusko Jaurlaritzak egiten duen moduan berdintasunaren alde, orain, kontratazio pleguetan, enpresa batek gure administrazioarekin kontratatu gure badu, segurtatu behar du soldatak berdinak izango direla emakume zein gizonezkoentzat, eta lan-baldintzak berdinak izango direla".
Honekin batera, Arrasateko alkateak esandakoaren harira, honakoa esan du: "EAJ da bermerik handiena gizarte kohesioa lortzen. Eta ezin da legediaren kontra joanez, Madriletik gauza bat egin gura izatea, guri konpetentziak kenduz".
Vox-en harira
Amaitzeko, gaur goizean, Iñigo Urkullu lehendakariak egindako adierazpenen gainean jardun da Esteban. Iñigo Urkullu lehendakariak VOXeko hainbat ordezkarik EAJ legez kanpo uzteko egindako mehatxuen aurrean adierazpen instituzionala kaleratu du. Hori horrela, bat egin du Estebanek lehendakariak esandakoekin. "Esaten diezunean frankistak zarete, eurek ez dute ukatzen. Ez dute Frankori buruz gauza txarrik esaten, alderantziz. Ez dira alderdi demokratiko bat, eta ezin zaie tratatu beste alderdi demokratiko bat bailiran. Europan, muga bat jartzen da horien aurrean, eta uste dut hori dela egin beharko litzaketena".