Pertsona itsuak edozer egiteko gai direla erakusteko eguna

Xabi Gorostidi 2019ko urr. 27a, 11:34

Atzokoan Errebeldeak Blind Rock jaialdia egin zen Arrasaten. Duela 20 urte herrian kupoiak saltzen aritu zen Ibon Casasen ekimena da, eta Ibai-arte, Arrasateko Udala, edo Def Con Dos bezalako musika taldeen babesa jaso du. Sukaldari itsuen erakustaldia, askotariko kontzertuak eta manifestazioa izan ziren jaialdiaren osagaiak. 

Zerk lotzen ditu Def Con Dos, Fagor Industrial, Ibai-arte eta Chorizos Alejandro kartel berean? Erantzuteko zaila dirudien galdera da, baina badu erantzun bat: Errebeldeak Blind Rock jaialdiak. 

Ibon Casas musikari itsu donostiarrak bere bizitzari buruzko dokumental bat grabatzen dihardu –Oscar Terolen lan-taldearekin– eta hori osatzeko jaialdi bat antolatzea erabaki zuen: zuzeneko musikarekin, eta itsutasuna zer den bistaratzeko ekintzekin. 

Hala, Errioxatik etorritako Cocinar a ciegas taldeko sukaldari itsuek Herriko Plaza hartu zuten, pertsona itsuak edozer kozinatzeko gai direla erakusteko. Errioxatik etorrita, errioxar erako patatak prestatu zituzten, nola ez, eta txorizo usain goxoa Herriko Plazan hedatu zuten. Aipatzea, Xabi Gutierrez, Hun Fai eta Begoña Rodrigo bezalako sukaldari ezagunen laguntza eduki zutela.

Zuzeneko kontzertuak izan ziren jaialdiko osagai nabarmenenak eta zaratatsuenak. Goizean Screamers & Sinners, Los Clayton, eta Fran Malanoche taldeak aritu ziren jotzen, eta arratsaldean, aldiz, Fly Shit, Akulu eta La Banda del Abuelo. 

19:00etan, manifestazio errebeldea egin zuten, munduko itsutasunaren aurka. Berezia eta arraroa izan zen. Binaka egin zuten herrian zehar bira: pertsona bat begiak estalita, eta beste bat laguntzaile moduan; nolabait pertsona itsu batek kaletik ibiltzean sentitzen duena barneratzeko. Ibilbidea egiten zuten artean, besteak beste, "Gu gara errebeldeak" bezalako aldarriak edo Ibon Casasen abestien letrak oihukatzen aritu ziren bozgorailu batekin, eta hainbat kamerari aritu ziren manifestazioko irudiak grabatzen, ostean, Ibon Casasen dokumentalean jasotzeko. Asistentzia aldetik 60 lagun inguruk hartu zuten parte, eta Arrasatekoak ez ziren hamar lagunera heltzen. Aipatzea ere, Ibai-arteko eta Udaleko ordezkariek ez zutela parte hartu. Manifestazioa Herriko Plazan amaitu zen, Ibon Casasi egindako dantzaldi batekin.

Behin manifestazioa amaituta, kontzertuek hartu zuten protagonismoa ostera ere. Herio taldekoak Herriko Plazako eszenariora igo ziren, eta hauen atzetik, eguneko protagonista Ibon Casas eta bere taldearen –The Blind Rock Band– txanda heldu zen. Azkenik, egunari ginga jartzeko Def Con Dos taldearen kontzertua iritsi zen. Herriko Plazan jende ugari bildu zen madrildarren zuzeneko gogorrarekin eta letra zirikatzaileekin gozatzeko, eta taldeak ez zuten hutsik egin.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak