Sagarra eta euskal sagardoa protagonista, Baserritarren Azokan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko urr. 16a, 15:56

Hileko hirugarren zapaturo moduan, Baserritarren Azoka egingo dute asteburuan Seber Altube plazan; oraingoan, garaiko produktuen saltokiez gainera, Sagarra eta Euskal Sagardoa ekintza osagarria egingo dute.

Sagar Eguna egin zuten iaz, eta haren bidetik antolatu du Arrasateko Udalak, Mankomunitateko Turismo Sailarekin eta Debagaraia Landa Garapen Elkartearekin elkarlanean, datorren zapatuko ekintza sorta, oraingoan, sagarra eta euskal sagardoari protagonismoa emanda. "Arrasateko lehen sagardo eguna izango da", azaldu du Amaia Zeziaga zinegotziak gaur egin duten aurkezpenean, eta zera gaineratu du Toki eta Garapen Saileko Nerea Lazpiur teknikariak: "Ohiko azokaren ekintza osagarria izango da, beti ere, garaian garaiko produktuak ikustarazteko asmoz, eta sagarrari buruz asko dakiten adituak gonbidatu ditugu, besteak beste, Euskal Sagardoa Jatorri Izendapena elkarteko Unai Agirre eta Fruitel, euskal Frutazaleen elkartekoak.  ".

Sagar erakusketa eta sagar zuku eta sagar dastaketa

Seber Altube plazan, zapatuan, askotariko sagar motak ikusi eta dastatzeko aukera izango da, Unai Agirrek gidatuta. "Sagardoa egiteko erabiltzen ditugun sagarrak zeintzuk diren azaldu eta dastatuko ditugu, ez dira-eta guztiak berdinak, batzuk garratzak, mikatzak besteak, edo gozoagoak ere badaude. Horrez gainera, Euskal Sagardo Jatorri izendapena duten hainbat ekoizle ere izango dira", azaldu du Agirrek.

Agirreren eta Fruitel elkartekoen azalpenez gainera, Jakoba Errekondo paisajistarena jaso gura dituenak ere izango duela aukera azaldu dute antolatzaileek: "Baserrritarren postuen artean bere tokitxoa izango du Errekondok, bere liburua saltzeko eta bertaratzen direnen zalantzak argitzeko. Horez gainera, Arrasateko Zaldibar auzoko Lexarra baserriko Joseba Garitaonandiak tolarea ekarriko du eta sagar-zukua egingo du bertan, dastatzeko aukera ere izango dena".

Azoka 9:00etan zabalduko dute, eta sagarrarekin lotutako ekintzak 11:00etatik aurrera eta doan egingo dituzte; ondoren, 12:00etan Eusko Labeldun pintxoak eta Euskal sagardoa dastatzeko aukera izango da.

 

Erlazionatuak

Askotariko ekintzak zapatuko Baserritarren Azokan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019 urr 16 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak