26 langabe arrasatear kontratatu nahi ditu Udalak

Xabi Gorostidi 2019ko urr. 10a, 12:51

Aldi baterako lanpostuak dira; gehienak bost hilabeteko iraupenekoak, eta ia guztiak jardun osokoak. Jada hamabi posturen deialdiak eginda daude; gazteei zuzendutako bost astelehenera arte egongo dira zabalik eta beste bederatzi, aldiz, eguenera arte.

Lanbideren hiru deialdi bateratuz lortu du Udalak langabeak kontratatzeko finantziazio lerroa: enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako 2019ko dirulaguntzak; enplegua, batez ere, eremu eta udalerri behartsuetan sustatzeko toki-ekintzetarako 2019ko finantzazio laguntzak; eta gazte enplegurako 2014-2020 programa operatiboaren esparruan, tokierakundeek gazteak kontratatzeko 2019rako dirulaguntzak, hain zuzen ere. Lanpostu horien kostua 452.677,96 eurokoa izango da: horietatik 327.997,32 Lanbidek finantzatuko ditu eta gainerako 124.680,64 euroak, aldiz, Udalak.

Hamabi deialdi, eginda

Plana komunikabideetara aurkeztu orduko, 26 lanpostuetatik hamabiren deialdiak eginda zeuden. "Hiru finantzaketa-lerroak lotuta eduki bezain pronto eman dugu plana aditzera, eta ordurako deialdi batzuk eginda zeuden. Lanbiden eta Udal webgunean egon dira ikusgai", azaldu du Udaleko Enplegu Saileko teknikari Marga Garmendiak. Hauek dira eginda daudenak: artxiborako administrazio laguntzaile bat, bi delineatzaile, digitalizaziorako administrari bat, turismo teknikari bat, igeltsero bat, pintore bat, peoi elektrikari bat, administrari laguntzaile bat eta web diseinatzaile bat. Bi izan ezik, guztiak dira bost hilabeterako lanpostuak.

Hamalau deialdi, irekita

Gainontzeko hamalau deialdiak zabalik daude, baina, adi, egun gutxi barru itxiko dira eta: bost irailaren 14an eta bederatzi irailaren 17an. Astelehenean itxiko diren bost lanpostu horiek 16 eta 30 urte bitarteko arrasatear langabeentzako mugatuta daude. Hauek dira eskaintzen diren postuak:

  • Dokumentalista bat
  • Euskaltegirako teknikari laguntzaile bat
  • Administrari bat Munigex programarako
  • Obra, Zerbitzu, Mantentze-lan eta Auzoen Sailerako igeltsero bat eta peoi bat.

Bostak zortzi hilabeterako dira, euskaltegiko laguntzailearena izan ezik –12 hilabete–.

Ostegunean agortuko direnek ez dute adin mugarik, eta hauek dira lanpostuak:

  • Hiru baso-erreka langile
  • Hiru laguntzaile garabi zerbitzurako
  • Bi lorezain
  • Pintore bat

Guztiek dute bost hilabeteko iraupena, garabi zerbitzuko laguntzaileek izan ezik; hauek sei hilabetekoa dute.

Izen emateak, Lanbide bidez

Interesdun langabeek Lanbiden eman behar dute izena. Lanpostu bakoitzak lan eskaintza propioa du, non postua lortzeko zein baldintza bete behar diren zehazten den. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak