Goienagusi Elkarteak 189 bazkiderekin eman dio hasiera ikasturte berriari

Amaia Zabala 2019ko urr. 7a, 15:07

Goienagusi Elkarteak ikasturte hasierako irekiera ekitaldia egin du gaur goizean Kulturaten. Bertan, ikasturte berrirako dituzten helburu, erronka eta asmoak aurkeztu dituzte. Jendetza bildu da bertan eta Kulturateko areto nagusia txiki geratu zaie, 131 bazkide eta hainbat gonbidatu elkartu baitira gaurko aurkezpenean.

Mahai inguruan Goienagusiko lehendakaria Matilde Sainz Osinaga, lehendakariordea Lydia Fernandez de Luco eta idazkaria Arantza Gabiria izan dira. Horretaz gain, erakundeen ordezkaritza ere zabala izan da. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendaria Marian Olabarrieta, Arrasateko alkate Maria Ubarretxena eta Bergarako kultura zinegotzia Kristina Markina bertan izan baitira. Antzuolako eta Aretxabaletako alkateak ere publikoaren artean izan dira.

Goienagusi Elkarteak Debagoieneko herri guztietan ditu bazkideak, denera, 189 eta urtetik urtera bazkideen kopurua gorantz doala eta pozik agertu dira.

Elkartearen helburu eta erronkei dagokienez, euskarazko hitzaldi gehiago ematea eta hitzaldiak herri gehiagotara zabaltzea azpimarratu dituzte besteak beste. Urritik maiatzera, astelehenetan eta asteazkenetan, 10:00etatik 12:00etara, izango dira hitzaldiak.

Gizartea, literatura, politika, zientzia, historia, erlijioa eta osasunadira landuko dituzte gaietako batzuk. Inguruko herrietara bisita gidatuak egiten ere jarraituko dute. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendari Marian Olabarrietak Goienagusi elkarteak Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen  zahartzaro aktiboarekin bat datorrela azpimarratu du.

Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak eta Kristina Markina Bergarako kultura zinegotziak zorion hitzak izan dituzte elkarteko juntakide eta bazkideentzat.

Ekitaldiaren amaieran Lydia Fernandezek Jose Saramangoren pesia bat errezitatu du, musikaz lagundurik. Azkenik, lunch-a izan dute Etxaluze jubilatuen elkartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak