Eukaristiaren gidaria izan da Sebastian Uria bikario judiziala eta Pako Etxebeste koadjutorea izan dute lagun. Parrokiako abesbatzak ere parte hartu gura izan du, eta ezin dotoreago abestu. Bukaeran etorri dira agurrak eta ongietorriak. Parrokiako komunitateko ordezkari batek hartu du berba eta argitu gura izan du ez dutela inolako arazorik izan ez Agaraterekin, ez Etxaberekin; gaineratu du, euren haserrea Munilla gotzainarekin dela entzungor egiteagatik euren eskaerei. Era berean, hitz goxoak izan ditu orain arte parroko izandakoarendako, eta beroak etorri berriarendako.
Etxabek adierazi du gotzainaren aginduz etorri dela Arrasatera, eta lanerako gertu agertu da. Bihar behar hasiko da horretan. Eta Argaratek hunkitu egin ditu parrokian elkartutakoak. Ohi duen legez luze egin du berba eskerrak emanaz guztiei eta Arrasateko komunitatea goraipatu du. "Maite zaituztet", esan die ozen, eta bukatzeko "aurrera bolie!", adierazi du. Oparitzat, parrokiako giltza jaso du.
Apaiz bidaiaria
Itziarko Uren baserrian jaioa da Victoriano Etxabe Aginagalde, baina hilabete gutxirekin joan zen Arroa Goira bizitzera, Etxetxo baserrira. 41 urterekin egin zen abade eta Legazpira bidali zuten: "Zeruan egon nintzen. Oraindik ere harreman handia dut harekin eta gaur ere egon dira hango hainbat". Zumarragako eta Ordiziko artzipreste izan zen eta 2014an Hondarribira bidali zuen gotzainak. Lau urte egin zituen, han iazko urrian agur esan arte: "Alardean iazko gorabeherak direla eta izan zen. Hitzek bakarrik ez dute balio, ekintzak eta keinuak behar dira. Azken meza 2018ko urriaren 7an eman nuen", dio. Hizkuntza asko dakizki; ama hizkuntza duen euskaraz gain, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta alemanez daki hitz egiten. Eta bidaiatzea oso gustuko duela onartu du: "Horaziorekin adostu behar dut, baina bai, bidaiatxoren bat egin gurako nuke. On egiten dit, gainera, onuragarria da niretzat."