Aitor Zubiagaren liberazioa eta 2020rako ordenantza fiskalak, onartuta

Xabi Gorostidi 2019ko urr. 2a, 08:51

Zubiagaren soldata 39.979,50 eurokoa izango da, EH Bilduren aurreko liberatuarena baino %33,5 handiagoa, eta Gobernukoen parekoa. Ordenantza fiskalak onartuta geratu dira Gobernuaren botoekin; bertan EH Bilduk egindako bizpahiru proposamen zeudela adierazi du EAJko bozeramaileak, eta EH Bilduk aurka botatu du, besteak beste, osoko bilkuran jaso dutelako horren berri. 

Eztabaidatsua izan da urriko osoko bilkura, 2019-2023 agintaldiko bigarrena. Hala ere, gai garrantzitsuak onartu dira, hala nola: 2020rako ordenantza fiskalak, Uribesalgo esparruan Promociones Leku Eder S.L.-k etxebizitzak egitea, EH Bilduren liberatua Aitor Zubiaga izatea, eta baita larrialdi klimatikoari buruzko mozioa, Arrasatek hartuko dituen hamar neurri batzen dituena. 

[Mozioren edukia eta neurriak, bere osotasunean irakurtzeko, egin klik hemen]. 

Aitor Zubiagaren liberazioa

Gaurkoan onartuta geratu da oposizioko liberatua EH Bilduko Aitor Zubiaga izatea. Jardun osora egingo du lan eta urteko 39.979 euroko ordainsari gordina jasoko du; aurreko EH Bilduko liberatuak baino %33,5 gehiago –Eneko Barberenaren soldata 29.938 eurokoa zen–. Ordainsariaren harira, alderdien arteko eztabaida sortu da. 

EAJko bozeramaile Anuska Ezkurrak adierazi du, ez dutela "trabarik jarriko"oposizioak liberatu bat izan dezan, baina koherentzia falta leporatu dio EH Bilduri. Agintaldiko lehen osoko bilkuran, Gobernuko liberatuen soldata %20 igo izana "nabarmen" hitzarekin definitu ostean, euren liberatuarentzat %33ko igoera eskatzean ikusi du EAJk "koherentzia falta". 

EH Bilduko Maider Morrasek azaldu du eurek ez zituztela liberatuen soldatak gehiegizkotzat jo, baina bai jo zutela "nabarmentzat" agintaldi batetik bestera aplikatutako igoera. "Arrasatearrek badakite EH Bildu ez dela Udalera aberastera etortzen" adierazi ostean, gehitu du "herritarren alde oposizio lana egiteko" erabiliko dutela diru hori.

PSE-EEko Oscar Garciak adierazi du, alderdi guztiek liberatu bat edukitzea defendatzen dutela. Gaineratu du, aurreko agintaldian liberatu gisa jasotzen zuen ordainsaria –33.159 euro gordin urtean– Fagorreko langile bezala hilean jasotzen zuena baino 400 euro txikiagoa zela. Honek ere "koherentzia falta" leporatu dio oposizioari. 

Ordenantza Fiskalak

2020an Udalak kobratuko dituen zergak eta tasak arautzen dituzten ordenantza fiskalak ere onartuta geratu dira. Udal Gobernuaren proposamenez gain, EH Bilduk proposatutako "bizpahiru" neurri kontuan hartu dituztela azaldu du EAJko bozeramaile Anuska Ezkurrak. 

[EH Bilduk egin, eta Gobernuak onartu dituen hiru neurriak irakurtzeko egin klik, hemen]

Horrek harridura sortu du EH Bildurengan, Maider Morrasek aipatu baitu osoko bilkuran bertan izan dutela horren berri. Ostean gehitu du "Gobernuaren formengatik" eta "ordenantzen edukiagatik" aurka botatuko dutela. Formei buruz adierazi du, proposamenak "diktaminatu baino ordu bete lehenago" deitu zituela negoziatzera Ander Garayk, eta ostean, azken bilera bat egitekotan geratu zela. Ogasun zinegotzi Ander Garayk onartu egin du ez zuela hitzartutakoa bete, eta aurrerantzean formak gehiago zaintzeko konpromisoa hartu du. 

Elkarrekin Arrasateko Igor Urizarrek gogor kritikatu ditu Udal Gobernuaren proposamenak; "atzerakoitzat" jo ditu eta "enpresei hobariak egiten dizkieten artean, arrasatear guztiei KPI igoera berdina aplikatzea" kritikatu du.

[Elkarrekin Arrasateren proposamen fiskalak irakurtzeko, egin klik hemen]. 

Botatzeko orduan, EAJren eta PSE-EEren aldeko hamabi botoekin onartuta geratu ziren ordenantzak, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek aurka botatu zuten. 

Larrialdi klimatikoa

Arrasatek larrialdi klimatiko egoera deklaratzea onartuta geratu da, aho batez. Naturtzaindia Elkartea, Besaide Elkartea, Arrasateko Zero zabor, Ekologistak Martxan elkarteek eta EAJk eta PSE-EEk adostutako testuak hamar neurri proposatzen ditu, eta aho batez onartua izan da, nahiz eta debatea eragin duen.

Neurrien artean daude, besteak beste: karbonogabetze prozesua 2040. urtera aurreratzeko moduko plangintza egitea, aldaketa klimatikoari aurre egiteko Udalak politika eraginkorrak garatzea, Jasangarritasun Energetikoaren Legearen garapena udalerrira egokitzeko zortzi hileko epean hurbilpen lan bat egitea, legebiltzarrak onartuko duen aldaketa klimatikorako legeak jasoko dituen helburuen garapenerako prozesu parte hartzaile bat egitea, udalaren gaitasunaren arabera lur pribatuak modu planifikatuan erostea eta bioaniztasuna berreskuratzeko, bidegorriari lehentasuna ematea edo Arizmendiarrieta Plazako aire neurgailuak herriko beste toki batzuetara hedatzea. 

EH Bilduko Maider Morrasek zehaztapen batzuk egin zizkion mozioari. Jarraian EAJri zuzendu zitzaion esateko, Zubietako errauskailua defendatzea mozio honen "zeharo kontra" datorrela, baita "AHTa" edo "Araba Etorbideko zuhaitzak kentzea" ere. 

Galde eskeak

Tarte honetan, auzo batzordeen gaia jarri zuen mahai gainean EH Bilduk, Kepa Urteagaren bitartez. Uztaileko osoko bilkuran Gobernuak gai hori jorratzeko konpromisoa hartu zuela ekarri zuen gogora, eta gehitu zuen Udal Gobernuan "kontraesanak" daudela gai honekin, OZMA batzordeko buru Oscar Garciak auzo batzordeen eredua "gustuko ez duela" adierazi ziolako. EAJko Anuskak Ezkurrak erantzun zuen hartutako konpromisoari eusten diotela, eta baserri auzoetako batzordeak osatzeko gainontzeko alderdi politikoen izenak jaso gabe dituztela. 

Ostean, Maider Morrasek hartu zuen hitza, oposizioak informazioa eskatzea "oztopatzen" duen instrukzio bat jaso dutela jakinarazteko. "Instrukzioak dio, besteak beste Udal kontabilitatea edo herritarren kexak ezin ditzakegula ikusi, eta horrek nabarmen mugatzen du gure oposizio lana. Horrez gain, beste informazio batzuetara sarbidea edukitzeko, baimena eskatu behar diogu idatziz alkateari, eta ostean berak erabakitzen du; eman, edo ez". Zentzu horretan, adibide bat jarri zuen. Agintaldi hasieran udaltzainen aktibitateari buruzko informazioa eskatu zion idatziz alkateari, eta salatu du, alkatearen erantzuna jaso aurretik, gaur jaso duela horren berri herriko komunikabideetan. Horri buruz Anuska Ezkurrak adierazi du, "akatsen bat" gertatu behar izan dela, eurek aurreko astean igorri ziotelako informazio hori.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak