Kide ugariko familientzako hiru hobari, ordenantza fiskalen proposamenean

Xabi Gorostidi 2019ko ira. 16a, 13:06

Ander Garay, Maria Ubarretxena eta Oscar Garcia, gaurko prentsaurrekoa hasi aurretik.

Era horretako familiak ordezkatzen dituen Hirukide elkartearekin adostu dituzte hiru hobariak: lehena, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergarekin –OHGZ– lotuta; bigarrena, Euskaltegiko tasetan langabeei ezarritako tasa bera jartzea; eta hirugarrena, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergarekin lotuta.

Oposizioko kideei aurreko astean azaldu ostean, Udal Gobernuak gaur eman ditu aditzera 2020ko ordenantza fiskaletarako egin nahi dituen aldaketak. Horietako hiru kide ugariko familien egoera arintzera orientatuta daude, eta beste bat, ordea, erdi aroko ondarea zaintzera. 

Kide ugariko familiak

Hirukide elkartearekin adostutako neurriak izan dira. Lehenak zerikusia du Ondasun Higiezinen Gaineko Zergarekin. Orain arte, 160.000 euroko balio katastraletik gora ez zen hobaria aplikatzen, eta muga hori 250.000ra igotzea proposatzen du Gobernuak. "Kide ugariko familiek etxebizitza handiagoak izaten dituzte, eta horrek balio katastral handia edukitzea eragiten du. Horrek hobari gutxiago izatea eragin die orain arte, eta hori arindu nahi dugu" azaldu du ogasun zinegotzi Ander Garayk. 

Udal Euskaltegian familia ugariko kideek langabeen tarifa bera aplikatzea ere proposatu dute, eta baita hobari bat autoen Udal zergan –teknikoki trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga izena duena–. "ibilgailuen zerga- kuota ibilgailuaren potentziaren arabera ezartzen denez, horrelako familiek zerga altuagoa ordaindu behar izaten dute, auto handiagoak erabiltzen dituzte eta. Egoera horren aurrean, beraz, gobernu taldeak, berdintasunez jokatze aldera, kide ugarien familientzako hobariak planteatu ditu zerga honetan".

Azkenik, bi seme-alaba dituzten guraso bakarreko familiak, kide ugariko familia bezala hartzea ere planteatuko du Udal Gobernuak. Demagun bi guraso eta bi seme-alaba dituen familia batean, gurasoetako bat hil egiten dela, eta guraso bakarra geratzen dela bi seme-alaben kargura. Kasu horretan hiru seme-alaba dituen kide ugariko familia baten trataera emango litzaioke. "EAE mailan hasiak dira era honetako familiak kide ugarikoak bezala kontsideratzen. Arrasaten oraindik ez zaie trataera hori ematen, eta guk hori aldatzea proposatzen dugu".  

Esatea, hobariak aplikatzeko, taula batzuk erabiltzen dituela Udalak; kide ugariko familiak seme-alaba kopuruaren eta diru-sarreren arabera sailkatuz. 

Ondarea babesteko hobaria

Bestalde, Eraikuntzen, Instalazioen eta Obren gaineko zergan (EIOZ), Erdi Aroko aztarna arkitektonikoak mantentzen dituzten etxebizitza edota eraikinak berreskuratzeko obrei hobaria ezartzea ere planteatu du gobernu taldeak. AZE elkarteak planteatu zuen ideia, eta Gobernuak begi onez ikusi du. 

Zerga eta tasak KPIaren arabera

Gainontzeko zergek eta tasek KPIak markatzen duen igoera izango dute; "%1 eta %1,1 artean" egongo dela adierazi du Oscar Garciak. Ur hornidura zerbitzuaren tasa ur kontsortzioak adierazitako irizpideen arabera egokitzea proposatu du gobernu taldeak.

Urriko osoko bilkura

Oposizioari datorren astera arteko epea eman diote proposamenak egin ditzaten, eta urriko osoko bilkuran ordenantza onartzea da Gobernuaren asmoa. "Zabalik gaude ekarpenak jasotzera, eta testua aho batez onartzea gustatuko litzaiguke".

Hirukide elkartea

Atzokoan ezin izan zuten prentsa agerraldian parte hartu, nahiz eta asmoa elkarrekin egitea zen. Hala ere, oharra kaleratu dute, Udal Gobernuak egindako keinua "eskertzeko", eta bide batez, Arrasateri buruzko datu ere eman dituzte:

  • Izaera orokorreko 242 kide ugariko familia daude Arrasaten; lau seme-alaba gehienez.
  • Izaera bereziko 30 familia daude; bost seme-alaba edo gehiago.
  • Guzti horietako 98 Hirukide elkarteko kide dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak