Azken hiru hilabeteetan 365 esku-hartze egin dituzte Arrasateko udaltzainek

Mirari Altube Arrese 2019ko urr. 1a, 14:04

Udaltzainek egiten duten lana balioan jarri gura izan du Maria Ubarretxena alkateak gaur egindako prentsaurrekoan. Era berean, azken hiru hilabeteetan egindako esku-hartzeen berri eman du Zigor Andino jarduneko udaltzain buruarekin batera; 365 izan dira guztira.

"Udaltzaingoaren lanaren gainean badago jakin-mina eta uste dugu aukera ona dela halako agerraldien bitartez horien lana balioan jarri eta Arrasateren inguruko argazkia erakustea", adierazi du Maria Ubarretxena alkateak. Udalaren webgunean atal berria sortuko dutela ere jakinarazi du, Udaltzaingoarengandik jasotako datuak sartzeko eta eguneratzen joateko; urrian prest egongo dela hori adierazi dute.

Hiru hilabetetako datuak

Uztailaren 1etik irailaren 26ra arteko datuak eman dituzte: "Guztira 810 ekintza (deiak jaso, laguntza eman, piboteak zabaldu…) egin dituzte udaltzainek eta horietatik 365 izan dira esku-hartzeak. Horien artean hiru talde daude: administratiboak, segurtasunarekin zerikusia dutenak eta zirkulazio kontuak. Eta gehien eman direnak administratiboak izan dira", jakinarazi du Ubarretxenak. Administratiboen artean gehiengoa izan dira animaliekin zerikusia izan dutenak –txakurrak, liztorrak…–, 56; gero, erorketak eta antzekoak, 43; eta hirugarren, zaratekin zerikusia dutenak –bizilagunen arteko kexak…–, 34. 

Segurtasunari dagozkionen berri eman du jarduneko udaltzain buruak: "Hemen daude lapurretak, lapurreta saiakerak, suteak, ebazpenak… Eta horien artean gehiengoa izan dira liskarrak, 29 kasu, eta gero lapurretak, 15". Era berean, atxiloketatan ere hartu dutela parte adierazi du: "Lapurreten kasuan lau atxiloketa egin ditugu; bat, droga kasu batean; bilaketa agindu bat izan dugu; Ertzaintzaren kontrako atentatu batzuetan izan gara; eta lesio kasuetan hiru atxiloketa egin dira". Zirkulazio atestatuetan –alkoholemia eta drogak– ere bederatzi atxiloketa egin direla gaineratu du. Era berean, zauriturik gabeko 27 istripu artatu dituztela adierazi du eta zazpi zauritudunak.

Iruzur kasuak ere izan direla gaineratu du Andinok: "Iruzurrak ez dira agertzen gure esku-hartzeen artean baina jasota ditugu hamabi; horiek Internet bidez egindakoak dira".

Bestelako esku-hartzeak ere egin dituztela jakinarazi dute, esaterako, epaitegiko eginbeharrak, zortzi, eta Ertzaintzarekin elkarlanean egindakoak, hamar.

Lana balioan jarri

"Gure lanaren berri ematea izan da helburuetako bat, gaizki ulertuak egon izan direlako", adierazi du Andinok eta alkateak gaineratu du: "Segurtasuna lehentasuna da eta lehentasun izaten jarraituko du, baina beste hainbat esku-hartze ere egiten dituztela udaltzainek agerian utzi gura izan dugu". 

Gaur egun 30 udaltzain daude (eta udaltzain burua eta koordinatzailea tramitean), eta mahai-gainean dutela "plantilla igotzearen egokitasuna" adierazi du alkateak "nahiz eta gure eskuetan bakarrik ez egon".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak