Euskal Kopako lauko finala Arrasatera dator

Xabier Urtzelai 2019ko ira. 25a, 19:04

Oraingo asteburuan jokatuko dute EBA mailako Euskal Kopako lauko finala, eta lau talde onenek Arrasaten neurtuko dituzte indarrak zapatuan eta domekan. Mondragon Unibertsitatea lau talde horien artean egongo da –iazko txapeldunak dira–. Gaur egin dute aurkezpena Ikerlango egoitzan. 

Ointxe! saskibaloi elkarteak EBA mailako lauko finala Arrasatera ekartzeko ardura hartu du, eta Arrasateko Udalaren, eta Ikerlan eta Laboral Kutxaren babesa izango du horretarako. Hala, gaur egin duten aurkezpenean izan dira Euskadiko saskibaloi federazioko presidente German Monge, Arrasateko kirol zinegotzi Ander Garai, Ointxe!-ko kirol zuzendari Iñaki Ogara Ortiz de Arri, eta torneoko babesle diren Arrasateko Laboral Kutxako zuzendari Josean Aparicio eta Ikerlango Marketing zuzendari Ion Etxeberria.

Mongek Euskal Koparen gaineko informazioa eman du, lehen aurre-denboraldiko torneo soila zenak egun hartu duen garrantzia azpimarratu du: "Txapelketa ofiziala da berez, denboraldiko lehena". Garaik, besteak beste, Ointxe!-k herri mailan duen garrantzia nabarmendu du, eta zaleak animatu gura izan ditu asteburuan Iturripera gerturatzera: "Oso maila oneko saskibaloia egongo delako, eta halako ekimenak herri moduan babestu egin behar ditugulako". Arri-k, berriz, taldearen egoeraren berri eman du, eta Iturripen ikusi ahal izango denaren xehetasunak eman ditu; eta, eskerrak eman dizkie ekimena posible egin duten eragileei: "Saskibaloiaren jai honetara batzea erabaki dutelako".

Indarrak parean egongo dira

Hala, Mondragon Unibertsitateak Santurtzi, Tabirako eta Baskonia izango ditu aurrean: "Durangarrek oso ondo egiten dute lan harrobiarekin, eta bertako jokalariak gaztetan Euskal ligetatik pasatakoak dira. Santurtzi, berriz, defentsa oso gogorra duen taldea da, aspaldiko ezagunak gara eta lehenengo kanporaketa hori gainditzea ez da batere erraza izango. Azkenik, Baskoniak oso maila oneko jokalariak ditu, gazteak dira oso baina etorkizunean izar izatera deituta daude euretako batzuk".

Lauko finaleko ordutegia:

  • Zapatua. 18:00. Iturripe.Baskonia - Tabirako Baque. 
  • Zapatua. 20:00. Iturripe. Santurtzi - MU. 
  • Domeka. 18:00. Iturripe.3. eta 4. postua: 
  • Domeka. 20:00. Iturripe. Finala. 

Lauko finala girotzeko ekimenak

Ointxe! elkarteak lauko final hau girotzeko hiruko jaurtiketa lehiaketa antolatu du. Ondorengo formatua izango du lehiaketak: Zapatuan lau jokalarik lehen kanporaketa jokatuko dute –talde bakoitzeko jokalari bat–. Kanporaketa honetako lehen bi sailkatuek lortuko dute txartela domekako finalerako. Domekan, berriz, bezperan sailkatutako bi jokalariren eta Ointxe!-ko harrobiko bi jokalariren arteko lehiaketa izango da. Laboral Kutxak emandako txapela izango dute jokoan. Hala, Ikerlan enpresak emango du lauko final honetako MVP saria; honetan ere txapela lortuko du jokalaririk baloratuenak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak