Arrasatear ukituarekin hasiko da, gaur, 'Itzuli barik' erakusketa

Amaia Zabala 2019ko ira. 20a, 09:25

Alazne Zubizarretaren, Natalia Suarezen eta Daniel Llariaren lanak urriaren 20ra arte izango dira Kulturateko klaustroan.

Itzuli barik erakusketak hilabeteko egonaldia egingo du Kulturateko klaustroan, irailaren 20tik urriaren 20ra. Harriak eta Eremuak programen barruan kokatzen den erakusketa honetan, Leire San Martin aritu da koordinatzaile, eta erakusteaz harago interakzioa bilatzen duen erakusketa dela azaldu du. "Erakusketa erakustaretotik harago planteatu nahi duen proiektua da Itzuli barik, artea lantzeko hainbat tresna elkarbanatzeko espazio kolektiboa sortzea du xede".

Hiru artista

Alazne Zubizarreta arrasatearrak EHUn Arte Ederretan graduatu ostean Diseinu Grafikoko master egin zuen, eta, besteak beste, Gipuzkoako artista berrien programan parte hartu du. Natalia Suarez gasteiztarra margolanetan zentratzen da. Hau ere Arte Ederretan graduatua da, eta, besteak beste, Markak erakusketa kolektiboan parte hartu izan du. Daniel Llaria da hiruren artean beteranoena. Logroñoko ikusmen artista honek Ameriketako Estatu Batuetan egin zituen master ikasketak, Fullbrightbekari esker. Euren lanez gain, Ttak! taldeko kideek egindako publikazio kolektibo bat ere ikusi ahalko da, duela bi aste egindako arte laborategi saio baten emaitza dena.

Estreinaldi 'arrasatearra'

Erakusketa gaur estreinatuko da, 19:00etan, Kulturaten. Bertan Maider Arregi, Maddi Gallastegi eta Miren Artetxe bertsolariak arituko dira, Ttak!-eko partaide Ekhiñe Casadok kontzertu akustikoa joko du. Azkenik, Ana Isabel Ugaldek, bisita gidatua egingo du urriaren 20an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak