Europako mugikortasun astea, 18. aldiz herrian

Jone Olabarria 2019ko ira. 12a, 11:01

Irailaren 16tik 22ra bitarte ospatuko dute aurten Europako Mugikortasun astea Arrasaten. Oinez gurekin lelopean, "mugikortasun jasangarri, iraunkor eta osasuntsua bultzatu eta herritarrak sentsibilizatu" gura dituzte ekimenarekin.

Astelehenetik aurrera, hilak 16, ekingo diote Europako Mugikortasun Asteari Arrasaten. Astebeterako ekintza ugari antolatu dituzte, betiere, "mugikortasun iraunkorra sustatu" eta "sentsibilizazioaren bidez herritarren artean eztabaida eta hausnarketa" bultzatzeko helburuz.

2002an hasi zen Arrasate Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea ospatzen; aurtengoa, beraz, 18. edizioa izango da eta Oinez gurekin leloa izango du. Hain zuzen, autoaren gehiegizko erabilera murriztu beharra azpimarratu dute, eta herrian bertan oinez, bizikletaz edo garraio publikoa erabiltzeko aukera nabarmendu dute.

Era berean, autoaren gehiegizko erabileraren ondorio negatiboak gogora ekarri dituzte: "CO2 emisioak, klima aldaketa areagotzea, airearen kalitate txarra, herritarren arnasketagaixotasunak gero eta ohikoagoak izatea, lurraren okupazioa, herritarrengan arriskuak sortzea, zarata…". Oro har, osasunean eta ingurumenean "inpaktu handia" daukala azaldu dute Udaleko ordezkariek.

Ohiko ekintzak

Irailaren 21ean, Birzikleta bigarren eskuko bizikleta azokaren 16. edizioa egingo dute. Bestalde, bizikleta erakusketa ere izango da, herriko dendetako bizikleta eskaintza erakusteko. Birzikleta azokarako material bilketa irailaren 14an, 17an eta 19an egingo dute.

Irailaren 16tik 20ra, Eskolara oinez izango da eta azken egunean, Ausolanen eskutik gosari osasuntsua banatuko dute. Gainera, aste osoan, herri-busa doan izango da.

Berrikuntza ugari

Irailaren 15ean, ibilaldi gidatua egingo dute herritik Udala auzora, bidean masustak batuta. Ondoren, Udalako Ingurumen Eskolan marmelada egingo dute. Irailaren 16tik 20ra, Arrasateko Udalak GFArekin elkarlanean helduek bizikletan ibiltzen ikasteko doako ikastaroa antolatu du. Bi orduko saioak izango dira, egunero, astelehenetik ostiralera, talde bat goizez eta beste bat arratsaldez.

Merkataritza Berdearen Astea

Irailaren 16tik 21era bitartean, Merkataritza Berdearen Astea antolatu du Ibai-Artek. Era Horretan, Arrasate Txartelarekin egindako erosketen artean 10 euroko erosketa-txartelak zozketatuko dira, ausaz. Saria datafonoko txartelean ateraz gero, Ibai-Arteko saltokietan erabili ahal izateko txartela jasoko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak