Jose Antonio Altuna: "Gizon osoa zen Gorroñogoitia, erabateko konfiantza nuen harengan"

Mirari Altube Arrese 2019ko ira. 8a, 12:07

Alfonso Gorroñogoitia. Argazkia: Tulankide.

Egubakoitzean, irailaren 6an, hil zen Alfonso Gorroñogoitia Gonzalez, mugimendu kooperatiboaren fundatzaile eta sustatzaileetako bat. Haren ibilbide profesionala emankorra eta luzea izan zen, eta egunotan askok dituzte gogoan harekin bizi izandakoak, Jose Antonio Altuna Txatillo-k, esaterako. Gertuko gizona, zuzena eta zintzoa eta oso maitatua zela adierazi du.

"Meza nagusia entzun, eta ondoren, paseatzen joaten ginen Al Andalus elkarteko tabernaraino eta han zuritxo bi hartu. Hori egiten genuen bai ondo zegoenean, baita gurpildun aulkian zebilenean ere. Zapatu eta domeka askotan ateratzen nuen paseatzera", adierazi du Jose Antonio Altuna Txatillo-k hunkituta: "Datorren hilabetean beteko zituen 95 urte, eta ezin eskatu gehiago. Fede handiko gizona zen eta atseden hartuko du orain. Lagun handia galdu dut baina pozik nago era berean".

Edozein gairen gainean berba egin zitekeela harekin dio: "Athletica –zale amorratua zen–, erlijioa, elkarte gastronomikoa, laneko kontuak, gizarteko arazoak… edozein gai genuen ahotan, eta beti zentzuz. Gizona zen goitik beheraino: zuzena, entzule ona eta aholku asko ematen zituena. Gizon oso-osoa". Mutikotatik ezagutzen ziren Altuna eta Gorroñogoitia, tiplea lehenengoa eta abesbatzako kidea bigarrena, eta harreman estua izan dutela azaldu du. "Halako jendea alboan izanez gero asko ikasten da. Eta nik zorte handia izan dut, hainbeste urtean haren esanak eta aholkuak entzuteko aukera izan dudalako. Zortea konfiantza handia izan dudalako harekin, erabateko konfiantza esango nuke, hark nirekin eta nik harekin. Gizon asko ezagutu ditut baina halakorik ez, hortaz, ez dut berehalakoan ahaztuko". Jose Maria Arizmendiarrietarekin batera gizon benetan garrantzitsua izan zela Gorroñogoitia dio.

Errespetu handikoa zela ere badu gogoan eta horren adibide txiki bat kontatu gura izan du: "Parrokiako lanetarako dirua biltzen ibili ginen biok eta bisita asko egin genituen hara eta hona. Laboral Kutxara joatea erabaki genuenean lehenengo gutuna idatzi zuen bisita eske, nahiz eta urte askoan izan bera hango presidente. Erakundeari eta gizonari, biei zien errespetu handia. Gizon eredugarria zen".

Paseatzera ateratzen zuenean herritar mordoa gerturatzen zitzaiola ere gogoan du: "Jende askok geratzen gintuen, guztiek harekin berba egin gura zuten. Kooperatibista ohiak ziren asko, sasoi baten kanpotik hona lanera etorritakoak. Oso maitatua izan da". Union Cerrajeran harekin lan egin zuen Migel Isasarekin elkartzen zenean ere kontu mordoa izaten zituztela berbetarako gai dio, Cerrajerako garaikoak bereziki.

Andaluzian ere ezaguna

Andaluziako kooperatiben federazioko presidente izandako Paco Velasco Sanchez sevillarrak ere ondo gogoan du Gorroñogoitia. "JOCen (Juventud Obrera Cristiana) ezagutu genuen elkar. Guk 1964an sortu genuen kooperatiba Arrasatekoa eredu hartuta eta izugarri lagundu zigun", dio eta gaineratu du: "Bizipen mordoa ditut harekin; garai gogorrak ere bizi izan genituen frankismoan. Elkarren alboan egin genuen borrokan". Asteleheneko hiletara Sevillatik etortzeko asmoa agertu du "ahal badut behintzat".

Erlazionatuak

Alfonso Gorroñogoitia hil da

Mirari Altube Arrese 2019 ira 06 Arrasate

UCEMeko elektrizistak

Ubane Madera 2016 aza 29 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak