Alfonso Gorroñogoitia hil da

Mirari Altube Arrese 2019ko ira. 6a, 19:10

Arrasateko industria mugimendu kooperatiboaren fundatzaile Alfonso Gorroñogoitia (Arrasate, 1924) hil da gaur, irailak 6, bere etxean, Arrasaten. Jose Maria Ormaetxea uztailean hilda sortzaileen artean azkena zen. Haren aldeko hileta astelehenean, irailaren 9an, izango da, 19:00etan, Arrasateko San Juan bataiatzailearen parrokian.

Union Cerrajeran hasi zen aprendiz 15 urterekin, 1942an, eta handik lau urtera Mekanikako Industria Maisu ikasketak bukatu zituen. Elektrizitate departamenduko arduraduna izan zen Union Cerrajeran. Eskola Profesionalean egin zituen ikasketak gero, eta 1952. urtean Zaragozako Peritu Industrialen Eskolan, Argiketari Peritu Industrial titulua lortu zuen.

1955ean, Accion Catolicako beste lau kiderekin batera, eta Jose Maria Arizmendiarrietaren eskutik, Arrasateko Esperientzia Kooperatiboa izenarekin bataiatu dena garatzen hasi zen. Bertako liderretako bat izan zen, bizitza guztia hari eskainiaz. 

1959an Ulgorren presidente ardura hartu zuen, eta 24 urtez izan zen kargu horretan. Urte berean Euskadiko Kutxaren, gaur egun Laboral Kutxa, presidente izendatu zuten eta 1989 arte egon zen. Fagor Taldearen presidente ere izan zen 1965 eta 1989 artean, eta MCCrena 1984 eta 1989 bitartean. Horiez gain, Euskadiko Kooperatiben Federazioko presidente eta Eusko Jaurlaritzako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko eta Espainiako Kooperatiben Federazioko kide ere izan zen, besteak beste. Kooperatiba askoren estatutu eta araudien "aita" ere bazen.

Erlijioarengan uste sendoak zituen, eta hura ezagutu zutenen esanetan zintzoa, langilea, nekaezina eta kooperatibista eredugarria izan zen. 

Aitorpen ugari

Ibilbide profesional oparoagatik hainbat aitorpen eta esker on jaso zituen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren urrezko domina eta Ekonomia Sozialaren Txemi Cantera saria, besteak beste.

Gainera, Juventud Deportiva de Mondragon elkarteko presidente izan zen eta Jose Maria Arizmendiarrieta fundazioko ohorezko kide, baita Accion Catolicako batzordeko kide ere.

Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteak Gorroñogoitia eta Ormaetxea omendu zituen maiatzean "bizitza osoan zehar balio kooperatiboak defendatzeko eta garatzeko egindako lanagatik".

Galera handia

Galera handia izan dela uste du Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko Migel Angel Laspiur presidenteak. "Nik uste dut Mondragonen kooperatiba izaera gehien ordezkatu duena izan dela Gorroñogoitia, bai bere gizatasunagatik, bai gizon solidarioa eta kooperatiboa zelako, baita oso gertukoa ere, herritarrengandik eta bere herritik gertu. Beti hartu da presidentetzat, hala deitu izan zaio; izan ere, luzaroan izan zen presidente Laboral Kutxan zein Ulgorren. Plaza gizona zen eta Arizmendiarrietaren pentsamendua gizarteari zabaldu zion".

Azken bi fundatzaileen heriotzarekin lehenengo, Ormaetxearena eta gero Gorroñogoitiarena, ziklo bat itxi dela uste du Laspiurrek: "Hil aurretik omendu genituen zorionez. Orain ziklo bat itxiko da, kooperatibaren alde eta horren garapenaren alde guztia eman zuten pertsona horien heriotzarekin. Atzetik datozenek horien urratsak jarraituko dituzten itxaropena dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak