"Gaur egun Mondragon Korporazio bezala nazioartean ezagun den talde industrialaren sustatzaileetako bat izanik, aztarna sakona utzi du bere ibilbideak euskal gizartean eta Gipuzkoan", adierazi dute Foru Aldundiko ordezkariek, eta Olanok nabarmendu du Gipuzkoako garapen ekonomikoa eta soziala ezin dela ulertu Gorroñogoitiaren eta haren garaikideen ekarpena kontuan hartu gabe: "Arrakastaz asmatu zuten ideal kooperatibistak gauzatu eta hauek gizarte osoaren zerbitzura jartzen".
Haren ibilbidea balioan jarri
Gorroñogotiaren galerak eragin duen doluarekin bat egin du diputatu nagusiak. Joan den maiatzean izan zuen harekin egoteko azkeneko aukera, Arizmendiarrietaren Lagunak fundazioak hari eta Ormaetxeari egin zien omenaldian, hain zuzen ere. Dolumina helarazi die Olanok Gorroñogoitiaren senideei eta gertukoei eta, horrekin batera, hark egindako ibilbide garrantzitsua balioan jarri du "erakutsitako konpromisoarengatik" eta "langile nekaezina" izan zelako: "Jose Maria Arizmendiarrietak urratutako bidea jarraituz, gure lurraldean eta Euskadin azken hamarkadetan bizi izan dugun esperientzia eraldatzaile garrantzitsuenetako baten bultzatzaileetako bat izan zen Gorroñogoitia".
Diputatu nagusiak Arrasateko esperientzia kooperatiboaren "balio sakona" azpimarratu du, "justizia sozialean eta elkartasunean oinarritutako garapen ekonomikoaren eredu" dela azalduz. Eredu horren aldeko apustuarekin jarraitzearen alde egin du, gainera: "Gorroñogoitiak eta haren kideek hasitako mugimenduak gure lurraldearen garapenaren oinarrietako batzuk ezarri zituen eta oinarri horiekin jarraitu behar dugu Gipuzkoako etorkizuna eraikitzen". Eta "pertsona guztientzako ongizatezko etorkizun bat bermatzeko bidean" Gorroñogoitiaren ibilbideak eredu eta erreferente izan behar duela gaineratu du.
Gorroñogoitiak hain zuzen ere, euskal kooperatibismoaren sortzaileei egindako errekonozimendu gisa, Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen 2005ean.