38.000 erabiltzaile izan ditu Musakolako kanpoko igerilekuak uda honetan

Amaia Zabala 2019ko ira. 4a, 15:24

Arrasateko Udalak gaur goizeko prentsaurrekoan jakitera eman duenez, uda honetan kirol instalazioek eta zerbitzuek izan duten erabilerari dagokionez "oso balorazio" positiboa egin dute. Ander Garay kirol zinegotziak adierazi du urtetik urtera erabiltzaileen kopurua igoz doala.

Udako datuei erreparatuz, 38.000 erabiltzaile izan ditu Musakolako kanpko igerilekuak uda honetan. Erabiltzaile gehieneko eguna uztailaren 11 izan zen, egun hartan 1.472 pertsonak erabili zuten kanpoko igerilekua, baina uda garaian eremu lehorra ere erabili dute arrasatearrek, izan ere, aipatu eremuak 15.000 erabiltzaile inguru izan baititu uda sasoian.

Joan den ikasturteari dagokionez, Udalak "balorazio positiboa" egin du, antolatutako jarduera gehienak parte-hartze handia izan dutelako, "jarduera jendetsuenak igeriketa, Spinning eta K-Strecht izan ziren, azken bi jarduera horietan, okupazioa %90etik gorakoa izanik". "Arrakastatsuak izan dira, halaber, Pilates, Zumba edota Hipopresiboak, baita Aquagyma ere. Aldiz, okupazio gutxien izan duten jarduerak Aeropilates, Body Pump eta Zumba Strong izan dira" Udalak azaldu duenez.

Ikasturte berriari dagokionez, ate irekiak egingo dituzte datorren astean irailaren 10etik 13ra, herritarrek kirol ekintza ezberdinak dohain probatzeko aukera izan dezaten.

Berrikuntzei dagokienez, bi izango dira aurten, 2014 eta 2015 urteetan jaiotako haurrei zuzendutako Haurraktibiti jarduera berria batetik eta larunbat aktiboak bestetik, larunbat goizetan spinning eta konbi-tono bateratuko dituen jarduera hain zuzen.

Bestalde, umeentzako igeriketa ikastaroetan izena emateko epea zabalik da abuztuaren 26az geroztik eta irailaren 17a izango da azken eguna.

Horretaz gain, urria, azaroa eta abenduko hilabeteei dagozkien instalazioen erreserba finkoak egiteko azken eguna irailaren 15a izango da eta erreserba finkoen eskaera orria Musakolako harreran entregatu behar da.

Ordutegi berria

Amaitzeko, Udalak jakinarazi du urritik aurrera Musakolako kiroldegiaren zapatutako ordutegia ordubetez luzatuko dutela, bai goizean eta bai arratsaldean irekiera ordua ordu-erdi aurreratuz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak