"Atletismoa kalera atera gura dugu"

Xabier Urtzelai 2019ko ira. 3a, 19:01

Arrasate Atletiko taldearen 75. urteurrenaren bueltan atletismo erakustaldia egingo dute zapatuan Biterin (17:00). Ekimena Ibai-Artekoekin elkarlanean antolatu dute, egun berean Merkemerkaua egingo dutela aprobetxatuta. 

Mojategin beharrean, lehenengoz, Arrasateko eta Euskal Herriko atletekin kalean egingo duten erakustaldian gozatu ahal izango dute herritarrek. Atletismo show-a izango da. Izan ere, Arrasate Atletiko taldeko harrobi emankorrak puntako atletak eman ditu, eta euretako batzuek urteurrena klubarekin ospatu gura izan dute: "Guztira etxeko eta kanpoko 15 atleta inguru izango dira luzera saltoa eta pertika saltoa egiten. Biteri plazara ekarriko dugu Mojategin pertika saltoa egiteko dugun koltxoneta, eta luzera saltoa egiteko ere hareazko zuloa egokituko dugu", adierazi du aurkezpenean Jon Ormaetxea klubeko presidenteak. Horrekin batera, Ermuako atletismo taldeko ordezkariek 40 metrotako gomazko zorua utziko diete, atletek saltoa egin aurreko korrikaldia bertan egin ahal izateko.

Klubeko ordezkariekin batera aurkezpenean izan dira Malen Ruiz de Azua (Super Amara BAT) eta Istar Dapena (Real Sociedad) –pertika saltoa– eta Iñigo Uribarren (Real Sociedad) eta Eneko Carrascal (Real Sociedad) –luzera saltoa eta salto hirukoitza– atletak, eta eurekin batera zapatuan klubeko beste atleta nabarmen batzuk ere egongo dira. Eta tartean izango dira, baita ere, Realeko atleta gehiago ere: "Estatu mailako atleta gehiago espero genituen baina agenda arazoak izan ditugu, Espainiako txapelketa inoiz baino beranduago egin dutelako –abuztu amaieran egin dituzte– eta denboraldi horren luzearen ostean atleta asko oso saturatuta daudelako". Kalean atletismo show ederra antolatzeko, baina, osagai guztiak dituzte: "Erakustaldia da, ez da txapelketa, eta garrantzitsua da inork minik ez hartzea, ondo pasatzera gatozelako, baina ikuskizuna ederra izango da. Atleta hauek salto egiten ikustea benetan da ikusgarria, eta jendea animatu gura dugu zapatuan 17:00etan Biterira gerturatzeko. Hau Mojategin antolatzeak ez zuen zentzurik, kalera ekarri gura izan dugu atletismoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak