Gehienak autoz hurbildu dira Irunera, eta ondoren handik oinez mugitu dira Hendaiara, bertan antolatutako ekitaldietan ere parte hartu ahal izateko. Izan ere, larunbateko manifestazioaz gain,hainbat tailer eta hitzaldi egin dituzte aste guztian zehar.
G7 EZ eta Alternative G7 erakundeek mobilizazioetan ekintzaileen aurka poliziak izan duen gehiegikeria salatu dute eta atzo atxilotuak askatzea exijitzeko elkarretaratzeak egin zituzten.
Cristophe Castaner Frantziako Barne ministroak emandako informazioaren arabera, 164 izan dira mobilizazioetan poliziak atxiki eta identifikatutako pertsonak. Sare Antifaxistak emandako datuen arabera, atxilotuak 104 izan dira: 85 ostirala eta larunbata bitartean, eta 19 igandean. Komite Internazionalistak adierazi duenez, horietatik bost espetxeratuak izan dira. Horrez gain, bi pertsona herrialdetik kanporatu dituzte.
Julen Mendizabal arrasatearra eta Askapenako brigadista ere bertan izan da kontragailurrean. Eta G7aren aurkako mobilizazio hauek antolatzeak duen garrantziaz mintzatu da. Antolatu diren hitzaldi eta tailerretan hainbat gai landu dituzte egun hauetan, kapitalismoaren alternatibak, herrien burujabetza, etorkinen auzia eta feminismoa besteak beste. Mendizabalek berak esaterako Askapena brigadarekin Grezian izandako esperientziaren inguruan hitzaldia eman zuen pasa den ostegunean Irungo Ficoban.