Kooperatibismoa eta herriko euskara aztertu dituzte herritarrek

Maider Arregi 2019ko uzt. 24a, 13:27

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak, Koldo Mitxelena Kulturguneak eta Arrasateko Udalak aurkeztu dituzte Kultur Memoriak proiektuaren emaitzak; Arrasateko memoriari eta ondareari buruzko mapatze parte hartzailea eta sorkuntza soziokulturalari buruzko proiektua da.

Arrasateko biztanleak udalerria esploratu eta miatu dute, bertako errealitatea identifikatuz eta dokumentatuz. Herriko kultura eta istorioak hainbat ikuspuntutik azaleratzea izan dela helburuetako bat kontatu du Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak. Eta azaleratu eta landu dituzten gaien artean bi azpimarratu dituzte: kooperatibismoa eta Arrasateko euskara.

Industria eta Kooperatibismoa proiektuan, mugarri den Arrasate Zientzia Elkartea entitateak parte hartu du, bazkideetako baten testigantzen bidez. Aipu historiko bat egin du industriaren jatorriari, mineralen erauzketari, burdinolei, eta Arrasateko altzairuaren kalitateari buruz, zeina XV. eta XVII. mendeetan Europako onenetarikotzat jo zen. Industria horren bilakaerak industria txiki askoren sorrera ekarri zuen: Union Cerrajera, bailarako industrian enpresa erreferentea izan dena urte askoan; Vasco-Navarro trenbidearen iritsiera; industriaren garapena; Jose Maria Arizmendiarrieta; eta gaur egunera arteko mugimendu kooperatiboaren garapena eta hazkundea.

Euskarari buruzko proiektuan, iritzia eman dutenek Arrasate Euskaldundu Dezagun elkartearen historiaren errepaso bat egin dute, eta nabarmendu dute, bai horrelako elkarte batek sorreraren momentuan izan zuen garrantzia, bai urteetan zehar aurrera eraman dituen jarduerak.

Kultura, kohesio tresna

Memoria kolektiboa berreskuratzea funtsezkoa dela dio Denis Itxaso Kultura diputatuak eta herri baten identitateari eta nortasunari eustea ezinbestekoa dela dio: "Memoria kolektiboa berreskuratzea funtsezkoa da ondare soziokultural bat sortzeko, horrekin identifikatuta senti gaitezen, eta, balioen oinarri bat ezar dezagun, gipuzkoar guztiok partekatua".

Kultura, kohesiorako tresna izan behar dela gaineratu du eta norabide horretan doan aurrerapena dela aurkeztu berri duten Kultur Memoriak ekimena. Era berean, herri bakoitzak daukan elementu diferentzial horiek ezagutzea eta gordetzearen garrantzia nabarmendu du.

Kultur Memoriak ekimenaren baitan jasotako bideoak eta informazioa Gipuzkoako Aldundiko webgunean dute herritarrek eskura. Aurreratu dute baina, asmoa dela gai gehiago lantzea eta ekimena osatzen jarraitzea.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak