Herriko Plaza, Arbolapeta, San Andres auzoa, Portaloia, Gelmako etxeen inguruak... Arrasateko hainbat txoko blues doinuz bete dira asteburuan egubakoitzaz geroztik egiten dabiltzan Arrasate Blues ekimenari esker.
Arrasateren izena ezagutzera eman eta herriko musikarien lana kalera ateratzea batetik; eta Arrasateko komertzioetan erosita nolako gauzak egin daitezkeen erakustea. Ekimena antolatu duen Ibai-Arteko presidente Jon Apraizen esanetan, horiek izan dira kontzertuen helburuak, eta pozik agertu da jendearen erantzunarekin.
Musikariak ere gustura
Herriko musikariak protagonismo berezia izan dute Arrasate Bluesen barruan, eta hauek begi onez ikusi dute ekimena: "Ordua zen bluesa eta jazza herrira zabaltzeko, jendeari hurbiltzeko. Arrasaten talentu asko dago, eta estilo guztietakoak", adierazi du, esaterako, atzo Mario Fernandinorekin eta gaur Garcia del Val taldearekin aritu den Jon Garcia musikari arrasatearrak.