ESIk hartutako konpromisoa
Arrasateko osasun-zentroko eta kanpoko kontsultetako langile zein gaixoak urtetan ari dira tenperatura altuen arazoa pairatzen, eta gaur egindako bileran, Debagoieneko ESIko zuzendaritzak neurri batzuk hartzeko konpromisoa hartu duela adierazi du Gorka Gorostegi, ELAko ordezkariak: "Kanpo kontsultetako eraikinean eraikitzen ari diren bigarren solairuan, klimatologia neurriak hartuko dituztela eta lehen solairuko beroari aurre egiteko gailu bat jarriko dutela adierazi dute bileran".
Arrasateko osasun-zentroari dagokionez, ostera, honakoa adierazi du Gorostegik: "ESIk ez du osasun-zentroarekiko neurririk hartuko momentuz, etorkizunean baloratuko duten zerbait izango dela esan dute bileran". Modu horretan Gorostegik soluzio integralak eskatu dizkio ESIko zuzendaritzari eta aipatu du Bergarako osasun-zentroa arazo bera pairatzen ari dela.