Arrasate Atletiko Taldea 75. urteurrena ospatzen dabil

Xabier-Urzelai 2019ko uzt. 12a, 15:09

Hainbat ekitaldi egin dituzte dagoeneko, baina, abuztuko oporralditik bueltan etorriko da hitzordu handia, Biteri plazan egingo duten atletismo erakustaldiarekin.

Maiatzaren 12an Fernando Zufiria Txufi omenduaz hasi zituzten urteurreneko ospakizunak, 50 urtez Arrasateko atletismoa sustatzen egin duen lanagatik. Gabonen bueltan, berriz, argazki zaharrekin egindako erakusketa jarriko dute Kulturaten, eta hamarkada ezberdinetako atletek izango dute hor protagonismoa.

Urteurrena ospatzerako orduan, baina, abuztuko oporralditik bueltan etorriko da hitzordu handia, Biteri plazan egingo duten atletismo erakustaldiarekin. Euskadiko atleta onentsuenak ekarriko dituzte, eta emakumezkoetan, esaterako, estatuko rankinean lehenengo bost postuetan dauden atletak gonbidatuko dituzte. Herritarrek salto hirukoitza eta pertika saltoa ikusi ahal izango dute, kalean bertan. Hala, atletismoa herritarrei gerturatzea da helburu nagusia.

Sasoi horretarako aire libreko denboraldia amaituta izango dute atletek, eta ez dira denboraldiko punturik gorenean egongo, baina Jonathan Perez entrenatzailearendako positiboa da ekimena, eta garbi du erakustaldia emango dutela.

Asteburuan Euskadiko txapelketa absolutoak

Urteurreneko ospakizunak alde batera utzita, asteburuan izango dute atletek denboraldiko hitzordu nagusietako bat. Durangon jokatuko dituzte-eta, Euskadiko txapelketa absolutuak. Istar Dapenak garbi du helburua, sentsazio onarekin dabil-eta. 

Egoera berean dago Malen Ruiz de Azua, marka pertsonala ondu gura du. Taldeak hala eskatuta salto hirukoitzean ere jardun behar izan du, eta oraindik aire librean ez du pozik egoteko moduko txapelketarik egin pertikarekin. Gainera, gogor ibili da horretarako lanean.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak