Edu Muruamendiaraz (Aukeran dantza konpainia): "Arrasaten estreinatuko dugu 'Maurizia naz' ikuskizuna"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko uzt. 9a, 14:10

2016an estreinatu zuen Maurizia ikuskizuna Aukeran dantza konpainiak eta "arrakastaz" eskaini dute herri askotan, horien artean, Bergarako frontoian. Ikuskizunari hainbat moldaketa egin diote orain, eta uda sasoian kalean eskainiko dute Maurizia naz kale-ikuskizuna. Egubakoitzean, uztailaren 12an, Zaldibar frontoian estreinatuko dute, 20:00etan. Aukeran dantza konpainiako koreografo Edu Muruamendiaraz bergararra izan da Arrasate Irratiko gaurko, martitzena, Uda Giroan saioan.

Pandero-jole ezaguna sinbolo moduan hartuta sortu zenuten Maurizia, bide beretik dator berria?
Euskal kulturako ikono bat da, Maurizia, lehengo emakume panderojolea, eta hori oinarri hartuta istorio bat kontatu genuen; nolabait esanda, emakumeei omenaldi txiki bat da. Oinarrian, kontakizuna bera da.
Zer eta nola kontatzen duzue?
Mauriziaren ezaugarriak eta bizipenak kontatzen ditugu dantzaren bidez eta garrantzia handia dauka panderoak. Istorioa hobeto ulertzeko, Off-eko ahots batek pasarte batzuk kontatzen ditu, baina, beste dantzariek eta musikak dute pisu handiena.
Ezberdintasun handiak daude aretoetako eta kaleko ikuskizunean?
Bai; gauza ezberdinak dira. Gaia ezik beste dena aldatzen da: jantziak, argiak, publikoa... Sortzen den giroa ere ezberdina izaten da. Kalekoa alaiagoa dela esango nuke, eta aretokoa lasaiagoa. Zati tristeak kendu egin dizkiogu. 55 minutu irauten du.
Dantzatzeko orduan kalean zailagoa  da traba gehiago daudelako?
Estimulu gehiago daude, bai, zarata, publikoa etortzen eta joaten...baina, azken finean, dantzariak denera moldatzen dira, eta batzuek, esaterako, lasaiago dantzatzen dute kalean.
20 urteak gaindituta ditu konpainiak ze diagnostiko egiten diozu?
Ba pentsa, 20 urte mundu honetan... asko da! 1997an hasi ginen eta orain dela bi urte urteurrena ospatu genuenean, atzera begiratu eta harrituta geratu ginen zenbat gauza egin genituen ikusita. Gauza asko egin eta lortu ditugu, mundu honetan gora behera asko dauden arren.
Gustura zaude?
Bai, nork esango zidan orain dela urte batzuk dantzatzen jarraituko genuela. Lan asko dago atzetik eta bidea luzea da, baina oso pozik nago, bai, nahiz eta oraindik ere gauza gehiago lortzea den gure gogoa.
Zer, adibidez?  
Orokorrean, jendearentzako dantzak beste ikuspegi bat izatea gurako nuke; hau da, gustatuko litzaidake gauza normal moduan ikustea dantzaria izatea; eta, bestetik, eta laguntza gehiago behar dugu. Nire amets handiena konpainia hau profesionala bihurtzea da, hau da, kide guztiek dantzatik bizitzea lortzea.
Zelan duzue agenda?
Hiru ikuskizunekin ari gara: Maurizia, Aukeran 20 urte eta orain dela gutxi estreinatu dugun Biz Hitza, eta nahiko beteta dugu horiekin; hilero hiruzpalau saio.
Enkargu bereziak ere badituzue.
Hala da; uztailaren 25ean Crystal Fighters taldeak Bermeon egingo duen kontzertuan dantzatuko dugu; eta irailean Madrilera joango gara hilabete baterako, Teatro de La Zarzuelan eskainiko duten El Caserio ikuskizunean parte hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak