Akordioa alderdi sozialistarekin
Maria Ubarretxenak EAJren izenean eta Oscar Garciak PSE-EEren izenean 2019-2023 agintaldirako Arrasateko Udal Gobernu eraketaren berri eman dute.
Maiatzeko udal hauteskundeetan EAJk bederatzi zinegotzi lortu zituen –lehen baino bat gehiago–. Alderdi sozialistak, berriz, hiru, lehen bezala. Agintaldi berrirako, bi taldeek lortutako akordioen berri eman du alkateak: "Arrasatek behar dituen proiektuak zeintzuk diren aztertu dugu, eta ondoren, uztartze lan bat egin dugu. Horri esker, akordioa lortu dugu alderdi sozialistarekin, hainbat proiektutan bat gatozelako eta uste dugulako herriak behar dituen proiektuak direla adostu ditugunak".
Proiektu garrantzitsuenak
Hain zuzen ere, 2019-2023 agintaldirako proiektu garrantzitsuenak zerrendatu dituzte agerraldian: "Kiroldegi berria, mugikortasuna sustatzea –batez ere, mugikortasun bertikala; alegia, igogailuak– eta auzoei garrantzia ematea eta horietan inbertitzen jarraitzea, besteak beste". Ekobulebarra, enplegua eta bidegorria ere agintaldi berrian lehentasuna izango duten proiektuak izango dira, Ubarretxenaren esanetan. Bestalde, droga-menpekotasuna, segurtasuna eta garbitasuna ere Gobernu berriaren lehentasuna izango direla azpimarratu du Arrasateko alkateak. Eta amaitzeko, euskarak eta berdintasunak arlo guztietan izango duten garrantzi berezia nabarmendu du.
Hamar batzorde
EAJren eta PSE-EEren arteko Udal Gobernu berriak hamar batzorde izango ditu. Zortzi jeltzaleen esku egongo dira: Hirigintza, ingurumena eta mugikortasuna; Garapen Komunitarioa –Gizarte Zerbitzuak eta Gazteria–; Hezkuntza eta enplegua; Kultura eta euskara; Tokiko merkataritza; Barne Antolamendua; Kirola; eta Bizikidetza eta partaidetza. Sozialistek, berriz, beste bi batzorde hauen ardura izango dute: Obrak, zerbitzuak eta mantentze lanak eta auzoak; eta Berdintasuna. Batzorde bakoitzeko lehendakaritzak, berriz, martitzeneko osoko bilkuran jakinaraziko dituzte.