Azken denboraldiarekin "pozik", hurrengoari begira lanean dago Mondra

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko uzt. 4a, 11:20

Mondra futbol taldeak urteroko batzar orokorra egin zuen atzo Kulturaten. 2018-2019 denboraldiaren balantze positiboa egin dute kirol ikuspegiari dagokionez eta ekonomikoki "osasuntsu" daudela adierazi dute.

Denboraldi hasieran zehaztutako helburu guztiak bete ez badira ere kirol ikuspegiari dagokionez pozik dago Xabi Etxeberria presidentea, bereziki lehen taldeak egindako lanarekin: "Lehen taldea Hirugarren Mailara igotzeko helburua zehaztu genuen denboraldi hasieran, baina aitortu beharra dago akaso anbizio handiegiko helburua zela. Lehen taldean badaude jokalariak datorren urtean ere goiko postuetan egoteko". Gogora ekarri behar da Mondrako lehen taldeak laugarren postuan amaitu duela. Gizonezko lehen taldearekin jarraituz, Etxeberriak aurreratu du Jorge Davilak jarraituko duela entrenatzaile lanetan hirugarren urtez jarraian, baina planifikazio aldaketa bat egongo dela aurreratu du.

Gazte mailako taldeak itxaropena piztu du

Lehen taldeaz gain, aurten gazte mailako taldeak piztu du itxaropen gehien Euskal Ligarako igoera ozta-ozta ez dutelako lortu. Lehengaia badago, antza, etorkizuneko lehen taldea elikatzeko. "Heldutasun handia lortu dute eta entrenatzailearekin konfiantza handia dute. Zeresana emango duen taldea izango da", dio Etxeberriak.

Nesketan, Aloña Mendirekin batera

Bestalde, emakumezko taldea ez da Euskal Ligara igo ez dutelako jokalari nahikorik eta erabaki dute Aloña Mendirekin batera sortzea senior mailako taldea.

Aurrekontua handitu 2019-2020ra begira

Diru kontuei dagokienez, “osasuntsu” dago Mondra eta hurrengo denboraldira begira aurrekontua handitu egingo dute: "182.000 euro inguruko aurrekontua izan dugu azken denboraldi honetarako eta gastua izan da 192.000 euro ingurukoa. Hala ere, diru sarrerak ere handitu direnez aurten, ia 500 euroko superabita izan dugu. Hurrengo urtera begira aurrekontua handitu egingo dugu, 200.000 euro ingurura, eta espero dugu sarrerak ere maila berean egotea". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak