Egitarauko nobedadeak baino gehiago, eraso sexisten aurrean herritarrek eskura izango dituzten zerbitzuak dira albiste. Izan ere, Arrasateko Mugimendu Feministaren, Berdintasun Sailaren eta Kultura Sailaren elkarlanari esker, jaietan izan daitezkeen indarkeria matxista kasuei aurre egiteko baliabide berriak eskura izango dituzte arrasatearrek. Hala, ekainaren 22tik 26ra arte, 24 orduko arreta telefono zerbitzua egongo da erabilgarri: 688 80 91 37.
Muntaketa lanak gaur
Gainerakoan, dena dago gertu festak eztanda egin dezan. Gaur goizean hasi dira txosnak muntatzen, jaietako ezinbesteko guneetako bat, eta txosna batzordeko Gorka Etxabek aurtengo egitarauak buruhauste batzuk eragin dizkiela aitortu arren gonbidapena egin du txosnetara hurbiltzeko.
Urteroko beste gune garrantzitsu bat da 1.200 lagunendako lekua duen zezen plaza. Aurten ere entzierroak izango dira hilaren 24an, 25ean eta 26an. Hori bai, iazko arrakasta errepikatuta, ekainaren 24rako entzierro alternatiba antolatu du Uluak talde animalia-zaleak.
Aldaketa makalaren igoeraren gidaritzan
Egitarauari dagokionez, urtero moduan, San Juan bezperakoa izango da egunik bereziena. Kuadrillek makala igoko dute, eta aurten Xabier Herrarte udal langileak gidatuko du igoera, urte luzez aritu den Jose Luis Etxebarria Porru-ri lekukoa hartu ostean. Ondoren etorriko dira jaietako unerik berezienak, Errementari Dantzarekin, San Juan suarekin eta Helduen Danborradarekin.
Hortik aurrera, Ohorezko Aurreskua eta salbea, Zeuk iñ zeuk jan herri bazkaria, Eguzkilaru eta umeendako jolasak, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna eta askotariko zuzeneko kontzertuak izango dira. Aspertzeko astirik ez, beraz, bost egunetan zehar.
Jarraipen berezia eta pantaila erraldoia
GOIENAk, urtero moduan, jarraipen berezia egingo die San Juan jaiei eta aurten ere pantaila erraldoia jarriko da Herriko Plazan, Makalaren igoera, Errementari Dantza, San Juan sua eta Helduen Danborrada zuzen-zuzenean botatzeko.