Onintza Enbeita: "Edozein unetan galdu daiteke lortutako guztia"

Jone Olabarria 2019ko eka. 22a, 09:47

Onintza Enbeita bertsolaria.

AED elkarteak antolatuta, ekainaren 25ean bertso saioa egingo dute Seber Altube plazan, 20:00etan hasita. Bertan izango dira Onintza Enbeita, Iñaki Viñaspre, Maider Arregi eta Jokin Uranga. Gai jartzaile lanetan Haizea eta Oihana Arana arituko dira.

Kazetari ofizioz, bertsolaritzari lotuta egon da betidanik Onintza Enbeita Maguregiren egunerokoa (Muxika, 1979). Iaz, abenduan, jantzi zuen Bizkaiko txapelketa nagusiko txapela; lehenengo aldiz emakumezko baten buruan.

Familia kontua izan da bertsolaritza zuenean. Nolakoa izan da zure erlazioa mundu horrekin?

Kontzientzia handi barik, jolasean bezala hasi nintzen umetan, aitonarekin. Gerora, bertso eskolan ibili nintzen, eta esango nuke lagun giro ederra dela bertsolaritzak eman didan onenetakoa, aurkari direnak adiskide izatea. Askotan diot, bertsolaritzak egin nau; une on eta txar guztietan, elkarlanaren balioa erakutsi dit.

Frankismo garaian, aurrerapauso bat eman eta euskara plazara itzul zedin lan egin zuen zure aitonak. Egun, lan horretan jarraitzen dugu?

Zalantza barik. Erne egon behar dugu, ezin dugu ahaztu behin lortutako guztia, egun duguna, une batetik bestera desager daitekeela. Irabazten diren espazioak ez dira betirako, historia ez da lineala. Hizkuntza gutxitu eta zapalduok lanean jarraitu behar dugu, etengabe.

Lehenengo emakumea izan zara Bizkaiko bertso txapeldun izaten; mugarri bat izan dela esango zenuke?

Aurrerapauso sinboliko bat dela esango nuke, baina beharrezkoa eta oso garrantzitsua. Bizkaiari falta zitzaion zerbait zen emakume txapeldun bat; plazan urte asko daramatzagu, baina bigarren planoan egon gara. Aginte-makila hartu eta boterea izan dezakegula erakusteko unea zen.

Zein da egun emakumeen egoera bertsolaritzaren barnean?

Asko dago oraindik egiteko. Egia da neska ugari, gero eta gehiago, dabiltzala eskoletan. Plazara salto egiteko unea iristen denean, ordea, gutxi batzuek baino ez dute pausoa ematen. Gizartearen isla baino ez da bertsolaritza; bide zaila egin dugu orain arte, askatasunez hezten duen sistema bat sortu behar da, emakume bat plazara irten eta protagonista izatean ez dadin horren txiki sentitu. Horrekin batera, entzuleei ere erakutsi behar zaie bertsotan dabilen emakume hori eta bere diskurtsoa onartzen.

Arrasateko saioan lau bertsolari arituko zarete: bi gizon eta bi emakume. Gai jartzaileak ere emakumezkoak izango dira...

Bai; saioa parekide izateaz gainera, emakumeon presentzia indartuz, garrantzitsua da gai jartzaileek ikuspuntu feminista bat izan dezaten ere. Izan ere, horrek gai berriak eskaintzen ditu. Orain arte, gai unibertsalei kantuan ibili gara, futbolari, esaterako, eta ez hilerokoari. Ez dakit futbolak gizartearen zer ehunekori eragiten dion bere egunerokoan, baina gizartearen erdia gutxienez hilerokoarekin bizi izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak