"Jendez gainezka" egon ohi da Arrasaten zezen-plaza. Hala azaldu du Iñigo Almortza Bergarako Zezenak ganadutegiko kideak. Guztira, 1.400 pertsonarentzako lekua du eta egunero "beteta" egoten da: "Gure herriko afizioaren seinale da. Egunero-egunero jendeak bere sarrera ordaindu eta plaza betetzen du, hori ez da beste ekintzekin gertatzen".
Entzierroa "betidanik" egin izan da Arrasaten, eta zezen-plaza duela hogeita hamar urte baino gehiago iritsi zen Jose Mari Arizmendiarrieta plazara. Hain zuzen ere, Portaloitik zezen-plazarako bidea ziztu bizian egiten dute bigantxek, eta herritar asko animatzen dira haien aurretik korrika egiten. Hori izan ohi da, eta izango da, aurten ere entzierroak izango duen ibilbidea: Erdiko kalea, Kanpatorpea, Zerkaosteta eta J.M. Arizmendiarrieta plaza.
Goizeko entzierroak soilik ez, ekainaren 23rako, errekortadore gazteen txapelketa antolatu dute eta San Juan egunerako, errekortadore erakustaldia, 18:30ean hasita. Goizetan, ekainaren 24an, 25ean eta 26an, entzierroaz gain, bigantxak ere egongo dira, gaupasa egin duten askok edo goizean jaiki berri direnek errekorteak egin ditzaten.
Entzierroan edo zezen-plaza barruan, beti izaten dira kolpeak; edozelan ere, segurtasun neurri zorrotzak hartzen dituztela azaldu du Almortzak: "Ez dago arriskurik. Segurtasun neurriak hartzen ditugu; adarrak moztuta dituzte bigantxek, anbulantzia izaten da eta zezen-plazak aurretik ikuskatua eta teknikari batek onartua egon behar du. Baina beti izaten dira kolpe txarrak; batez ere, kaleko ibilbidean. Eta kontuz ibili behar da".
Alternatibak eraiki
Ekainaren 24 goizeko zezenei alternatiba prestatu nahi izan die Uluak talde animalistak. Hala, 08:30erako txaranga antolatu dute herriko kaleetan zehar. "Iaz egin genuen lehen aldiz eta harrera ona izan zuen, ez genuen hainbeste jende espero", azaldu du taldeko Maitane Uribek. Jendea "gustura" egon zela ikusita eta "herritarrek hala eskatuta", aurten berriz ere antolatzea erabaki dute.
Iazko esperientzian oinarrituta, hauxe diote: "Zezenetara joan ohi diren pertsona asko txarangara batu ziren iaz. Giro polita sortu zen, taberna guztiak ixtean jendeak festarekin jarraitzeko aukera izan zuen".
"Horretaz gain, arratsalderen batean elkarretaratzea egingo dugu zezen-plaza aurrean, eta informazio puntu bat jartzeko intentzioa ere badugu".
Uluak Debagoiena taldearen ustetan, "animalien presentzia duten ikuskizunekin amaitu beharko litzateke", baina, horretarako, pausoz pauso joan beharra dagoela azaldu dute: "Alternatibak eraikiz eta kontzientziazioa landuz, poliki-poliki, animaliak erabiltzen dituzten ekitaldiak desager daitezen nahiko genuke".
Uribek azaldu duenez, neurri bortitzak hartzea ez da soluzioa: "Debeku baten aurrean herriak ez luke ondo erreakzionatuko; beraz, gutxinaka, entzierro egunak murriztea nahiko genuke".