Errementari dantza, herriari biziki lotutakoa

Jone Olabarria 2019ko eka. 20a, 12:09

Kaleak jendez gainezka iazko errementari dantzan.

1993. urtean sortua, herritar ezberdinen arteko elkarlanetik jaio zen errementari dantza: gaiteroak, txistulari eta trikitilariak, Arrasate Musikaleko musikariak, Goikobalu abesbatza eta dantza taldeak. Egun, jaietako ekintza kuttunenetakoa da.

Orain dela 26 urte egin zuten lehenengo aldiz errementari dantza Arrasateko kaleetan zehar. Musikatik, dantzatik eta herriaren historiatik sortutako ikuskizuna da, eta, antzinakoa dela uste daitekeen arren, 1993. urtean dantzatu zuten lehenengo aldiz. Hutsune bat betetzeko sortutako ikuskizuna izan zen Jose Ramon Vitoria arrasatearrak sortutakoa. Izan ere, ekainaren 23an salbea eta danborrada egiten ziren, baina bien artean denbora tarte luzea zegoen. Jendeak afariak egiteko erabiltzen zuen tarte hura, eta, gauzak horrela, jende gutxi ibiltzen zen herriko plazan dantzariak eta sua ikusten.

Hala, gaur egun arrasatear askorentzat sanjuanetako egun kutunena den horretan, garai batean suaren bueltan "giro gutxi" izaten zela diote herritarrek. Errementari dantzan parte hartzen duen dantzarietako bat da Maite Elkoro, Lore Gazteak dantza taldekoa. Urte ugari daramatza errementari dantzan parte hartzen, eta "ilusioz" bizi ohi duela azaldu du: "Dantza berezia den arren, eguna eta jai giroa oso garrantzitsuak dira". Publikoari "asko" gustatzen zaion ikuskizun bat dela dio, eta jende ugari gerturatzen dela "dantzaren zatitxo bat, behintzat," ikustera. "Dantzariontzat oso berezia da jendeak norberaren lana miresten duela ikustea", aitortu du Elkorok.

Urtean behin baino ez ditu kaleak hartzen errementari dantzak, eta hori ere ez da ohikoa. Elkorok azaldu duenez, "urte batzuk daramatzagunontzat berezia den arren, ezin da lehen urteetako ilusioarekin alderatu. Lehen aldietan urduri egoten zara, dantzara irten eta nahastuko ote zaren beldurrez. Urteen poderioz, baina, konfiantza irabazten duzu".

Sortze prozesua

Hain zuzen ere, lau piezak osatzen dute errementari dantza: aurreko paseoa, alkate dantza, ingurutxoa eta polka. Aurreko paseoaren dantza egiteko, egurrezko makilak erabiltzen dituzte dantzariek, baina hasiera batean burdina erabiltzeko proposamena egin zuen Jose Ramon Vitoriak.

Dantzariek "zail samar" ikusten zuten horrela dantza egitea, eta kontuan izanda burdina egiteko sua behar dela eta sua egiteko egurra, egurrezko makilen aldeko apustua egin zuten. Gainerako dantzak, alkate dantza, ingurutxoa eta polka, plazan egiten dira, eta beste dantza batzuen pausoetatik sortuak dira. Duela 26 urteko prozesu hura ez zuen Elkorok bizi izan; bai bere taldekide askok: "Ilusioz eta gogotsu ibili ziren, eta, gaur egun zer bilakatu den ikusita, are gogotsuago bizi dute. Gainera, sortzaileetako hainbat dantzarik egun ere errementari dantzan parte hartzen dute".

Elkarlanaren adibide

Ikuskizuna errealitate bilakatzeko, koordinazio lan handia beharrezkoa izan zen, urtebetez. Egun ere, entsegu ordu asko behar dituen dantza dela azaldu dute: "Urtero bikote berriak gehitzen dira errementari dantzara. Lehen aldiz egiten dutenei, beraz, erakutsi egin behar zaie eta beterano garenok ere gogoratzeko beharra izaten dugu". Ehun dantzari inguruk parte hartzen dute ikuskizunean, baita musikari ugarik ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak