Urteko egunik luzeenarekin batera iritsiko dira jaiak Arrasatera. San Juan sua piztu eta nahi ez direnak bertan erretzeko unea izan ohi da askorentzat, baita arrasatearrentzat ere. Herrian, baina, suarena soilik ez, Euskal Herriko ohitura ugari jarraitzen dira; makalaren igoera, esaterako.
Herriko Plazan landare bat sartzeko ohitura adierazgarria izan da betidanik nekazaritza munduan. Gerora, kristautasunak ere data hura erabili zuen San Juan Bataiatzailearen jaia egiteko. Beste leku askotan bezala, makalaren igoerak jaiaren hasiera irudikatuko du eta urtero bezala, makala ipiniko dute San Juan bezperan. Ohikoa den moduan, 17:00etan abiatuko dira makala soinean hartuta herriko gazteak, txosnagunetik plazarainoko bidean.
Txopo-poteoa egingo dute bitartean, eta 18:00etan, plazan altxatuko dute enborra. Hala ere, segurtasun falta sumatzen zuten ahotsak areagotu egin dira azken aldian, eta, ondorioz, duela urte batzuetatik hona, mugatu egin da enborra igotzeko unean parte hartzen duen jende kopurua. Horrela, igoeran egiten den indarra orekatuagoa da, eta, hain zuzen, makalaren igoera seguruagoa.
Kamiseta moreak aurten
Makalaren igoeran, urtero kolore bat izan ohi da protagonista eta aurten moreari egokitu zaio ardura hori. Izan ere, kolore horretakoak egingo dituzte ekainaren 23an herriko gazteek jantziko dituzten kamisetak. Soinean eramango duten diseinua bi siluetaz osatutako irudia izango da aurten: alde batetik, pertsona bat ageri da, buruan sorginen zapi bat duela eta ahoa beste zapi batekin estalita; pertsonaren atzean sua irudikatu dute. Aurtengo diseinua egiteko, Ttak! gazte taldeak ideia batzuk bildu zituen eta horien artean aukeraketa bat egin ostean, Libe Argoitia arduratu da diseinua egiteaz. Herri bazkariko txartelekin batera erosi ahalko dira kamisetak, Irati, Jaizale eta Iluntz tabernetan, 18 euroren truke.