Begia San Juan bezperan jarrita, buru-belarri aritu dira lanean azken hilabeteetan Herri Eskolako gurasoak. Hala, ekainaren 23an, alkandora zuria, zapia eta txapel morea jantzita, Herrikoia konpainiako 16 kideek lehen aldia izango dute aurten Arrasateko nagusien danborradan jotzen. Arrasate Herri Eskolako guraso elkartearen ekimenetik sortutako taldea den arren, "izaera irekia" dutela diote, eta interesa duen herritar oro animatzen dute proiektura batzera, herriaren aniztasunaren ispilu eta lanerako tresna izateko asmotan.
Nola erabaki zenuten zuek ere danborradako parte izango zinetela?
Iaztik buruan bueltaka genuen proiektu bat zen. Danborradako parte izan nahi genuen, herriko ohitura polit bat dela iruditzen zitzaigun, baina zaila da jada sortua eta urte pila bat dituen konpainiaren batean sartzea; askotan ez da lekurik egoten, eta ez da erraza hutsetik bakarrik hastea. Horretaz gain, eta are garrantzitsuago iruditzen zaiguna, Arrasate Herri Eskolako kideen parte hartzea bultzatu nahi genuen. Eskolatik herriari lotutako ekintzak sustatu eta gure eskolaren izaera publiko eta herrikoia azpimarratu, hain zuzen ere.
Talde irekia izan dadin jarri diozue ere, apropos, Herrikoia izena taldeari...
Hala da, gure filosofiari jarraiki, edozein gurera batzeko askatasunez sortu nahi izan dugu konpainia. Eskolaren egunerokoan ere hori da gure erronka; espazio anitz eta integratzailea eratzea. Azken batean, gure lanaren isla izan dadin eta orain arte egin bezala, gizarte kohesiorako tresna bat sortu nahi izan dugu. Danborrada herriarena den zerbait da, herritarrena, eta guk ere konpainia herriarena egin dugu. Pixkanaka hasi gara, lehenengo gure komunitatearen barnean mezua zabalduz eta edozein pertsonari gonbidapena luzatuz. Dena den, oso pozik gaude, lehen urtea izanda helburuetako bat bete dugu, eskolako parte ez diren kideak ere batu zaizkigulako.
Nolako bidea izan da taldea eratzekoa?
Egia esanda, administrazioaren aldetik oso ondo portatu dira. Ez digute inongo arazorik jarri konpainia sortzeko eta eskertzekoa da. Baldintza bakarra eskatu ziguten: gutxienez, hamabost kide beharko genituela taldea eratu ahal izateko. Behin zifra horretara iritsita, lanean ibili gara orain arte. Dena den, lehen aldia izanda, pixka bat proba bezala hartu dugu, guk geuk ere ez dakigu nola irtengo den, ea zer moduz doan dena.
Azken entseguetan murgilduta ibiliko zarete egun hauetan...
Hala da; denak gara hasiberriak eta, hortaz, ikasteko asko dugu oraindik ere. Erritmoa, abestiak, pausoak... gauza asko hartu behar dira kontuan, eta, bueno, moldatzen garela esan daiteke. Kanpotik ikusita erraza dirudien arren, badu bere zailtasuna danborraren aurrean jarri eta erritmoa jarraitzeak. Gainerako taldeen lana ikusita goaz ikasten, eta bai eskolatik, baita danborradako kideen aldetik babes handia jaso dugu.
Zer espero duzue hemendik aurrerako?
Momentuz, urduri gaude, baina oso gogotsu. Astean birritan elkartzen gara, eta ordu bateko entseguak egiten ditugu. Gainerako taldeekin entseatzea ere oso aberasgarria da, beteranoek nola egiten duten ikusita asko ikasten dugu, eta, zentzu horretan, oso pozik gaude. Ekainaren 23ra begira, entsegu gutxi geratzen dira eta azkena plazan egingo dugu. Espero dugu balorazio positiboa egin ahal izatea, eta, datozen urteetan konpainiak jarraipena izaten badu, jendea animatu, eta denok batera, elkarlanean, gure herriko aniztasuna ere danborradan integratzeko gai izan nahiko genuke.